Miami, Estatu Batuak. Miamin bertako euskal etxearen alde etengabe lanean ari den Boni Guenechea lagun nekaezinak gogor segitzen du gogoa eta ekimena eskaintzen euskal elkartea aurrera ateratzeko xedeari.
Oraingoan bere seme Danielek, euskal erakundearen webgunearen arduraduna bera, uztailaren 30ean elkartearen txokoan egin zen San Inazio festa, eta hileroko elkarretaratzearen berri eman digu, 'Ardoa eta pintxoak' formatoan Bonik antolatzen dituen bilerek arrakasta izaten baitute euskal etxearen egutegiaren barnean.
Izan ere, egun horretan bertan NABOk bere bilera egin zuelarik Idahoko Boisen, bi lekuetan aldi berean ezin egon eta beste bi ordezkari bidali zituen bilerara, horietarik bat Aitzol Azurtza, Euskal Etxeko euskara irakaslea.
Baina Miamira itzuliz, esaten dute irudi bat mila hitz baino esanguratsuagoa dela. Hala pentsatzen dutenek, aukera daukate Danielek euskal etxearen webgunera igo dituen argazkiak ikusteko. Izan ere, hemen topa ditzateke.