euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Miamiko Euskal Etxeak elkarretaratze ireki baterako deia egin du pilotari eta bazkide berriak erakartzeko

2009/02/05

Miamiko Euskal Etxeko aurreko dei bat. Eskuinean aurrez agertzen den emakumea, Mercedes Mendive nevadatarra da, alaba Nekane izan berria duena bere senar Fernando Lejardi pilotariarekin (argazkia EuskalKultura.com)
Miamiko Euskal Etxeko aurreko dei bat. Eskuinean aurrez agertzen den emakumea, Mercedes Mendive nevadatarra da, alaba Nekane izan berria duena bere senar Fernando Lejardi pilotariarekin (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Miamiko Euskal Etxeak bilera ireki baterako deia luzatu du datorren asteazkenerako, otsailaren 11ean, hirian eta inguruan bizi diren euskaldunak elkartera bildu eta euskal etxea eta euskal komunitate antolatua indartu dezaten. Deialdia gizabanakoei zein euren senar/emazte eta familiei zuzendua da. Miamiko Euskal Etxea zenbait pauso ematen ari da elkartearen geroa ahalik eta sendoena izan dadin. Martxo honetarako, Euskara eskolak segituko dituela iragarri du, Boga sistemarekin, berritu berria duen 'KulturToki'an.

Miami, Florida. Miamiko Euskal Etxeak jai-giroko deialdi berezi bat egin du datorren asteazkenerako, otsailak 11, 'Ardoak eta Pintxoak' izenpean Euskal Herrian moduko jateko eta edatekoa dastatzeko aukera emango duen ekimena gauzatzeko asmoz. Eguna --asteazken bat-- bereziki hautatua izan da kontutan izanik horixe dela Miami Jai-Alain ari diren pilotariek libre daukaten eguna. Bazkidetza berritu ez duten pilotariei berritzeko gonbitea egin nahi zaie, eta oraindik kide ez direnei, bazkidetzeko proposamena egin nahi zaie, zabalik baitauzka Euskal Etxeak ateak euskal bazkide berriei.

Euskal Etxetik, Boni Guenetxea buruzagiak kide izateak gizarte harremanak atxikitzeko eta inguruko euskaldunekiko harremanak gordetzeko daukan garrantzia azpimarratu dio EuskalKultura.com-i. "Hilabetero, azkeneko ostiralean egiten dugu ohiko bilera, eta urtean zehar Aberri Eguna, San Inazio eta honelako jai tradizionalak ere ospatzen ditugu. Pilotariei dagokienez, datorren asteko bilerak pentsatutako arrakasta izango balu, hilero asteazken batean beste elkarretaratze bat egitea antola daiteke, egun pilotari diren eta gainerako komunitate euskalduneko partaideen arteko harremanak areagotzeko.

Euskara eskolak martxotik aurrera

Datorren asteleheneko hitzordura bertaratuko direnek 10 dolar ordainduko behar dute ardo eta pintxoko otorduarengatik, bazkideak direnen kasuan; eta 15 dolarreko bazkideak ez badira. Antolatzaileek argiro adierazi dute nahi duten pilotariek emaztea, haurrak edo andregaia ekar ditzatekeela, arras ongi etorriak izango baitira.

Miamiko Euskal Etxea bere aktibitateak suspertzen ari da eta, besteak beste, euskara eskolak datorren martxoan hasiko direla iragarri du, Boga programa erabiliko baitute, Euskal Etxeko 'KulturToki' delako gune berrituan. Erabakitzeke dago asteko zein egunean izango diren eskolak, baina badirudi asteazkenetan izan daitekeela, 6etatik 9etara, beti ere irakasleak dioenaren arabera.

Miamiko Euskal Etxeko bazkide izateko urteko 30 dolarreko kuota ordaindu behar da, gizabanakoen kasuan, eta 40koa bikote eta familienean. 65 urtetik gorakoek bazkidetza doanikoa da, baina dena den fitxa bete beharra daukate. Datorren asteazkeneko hitzorduan parte hartzeko asmoa dutenei, Boni Guenetxeari adieraztea eskatzen zaie, hona idatziz.

Lotura interesgarriak

Euskal Etxea of Miami
www.euskaletxeaofmiami.org



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia