euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Miamiko Euskal Etxeak bazkide eta lagunak gonbidatu ditu bihar hasiko dituen euskara eskoletara

2010/01/19

Elkarretaratze bat Miamiko 'Txoko-Alai' Euskal Etxearen egoitzan (argazkia EuskalKultura.com)
Elkarretaratze bat Miamiko 'Txoko-Alai' Euskal Etxearen egoitzan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Ez da aldez aurretik ezer jakin beharrik, baina bistan da zeozer badakizu edo zeure euskara hobetu nahi baduzu, lekua badago zeuretzat, ikasgaiak ikasleari egokitzen baitzaizkio internet bitarteko balios gisa erabiltzen duen Boga euskara ikasteko metodoarekin. Ezagupen maila, beraz, ez da garrantzitsuena, interesa baizik. Miamiko Euskal Etxeak euskara klaseak hasiko ditu asteazken honetan, urtarrilak 20, eta bertara interesa izan dezakeen guztiak gonbidatzen ditu, guztia erraztasunak baitira baldin eta euskara zerbait ikasi nahi badu. Miamin edo Floridan bizi bazara edo egoera honetan dagoen norbait ezagutzen baduzu, hitzordua Miamiko 'Txoko-Alai' Euskal Etxean da, bihar, arratsaldeko zazpietan.

Miami, Estatu Batuak. Garrantzitsuena euskara ikasi edo hobetu nahi izatea da. Denbora ere, gehiago ala gutxiago, harrapatuko duzu handik edo hemendik. Izan ere erosoa eta malgua baita: internet bidez, tarteak zure tarte libreak izan daitezke, sortu ahala, eguneko edo gaueko edozein ordutan, edo asteko edozein egunean direlarik ere. Irakasle bat ere baduzu, zeurea, noiznahi zalantzak galdetu edo kontsultak egiteko prest, hau ere internet bidez edo telefonoz, Euskal Herrian zein Estatu Batuetan.

Ez aukera galdu. Gurari, borondate edo nahikeria hori baduzu --euskara ikasi edo hobetzekoa--, tresnak, metodoak eta erraztasunak Miamiko Euskal Etxeak ipiniko dizkizu [kontuz, orain Miamiko kasuari buruz ari gara, baina adibide honek Estatu Batuetako beste tokietarako eta munduko ia edozein tokitarako balio baitu].

Urte hasi berriko lehenengo saioa asteazken honetan, urtarrilaren 20ean izango da, Miamiko Euskal Etxean (4315 NW 7th Street), arratsaldeko zazpietan. Irakaslea, Aitzol Azurtza, oso pertsona atsegin eta eskuragarria da. Interesatuek aski dute bertara agertzea edo, igoal hobe, aldez aurretik Euskal Etxeko arduradunarekin (Boni, boniguenechea@hotmail.com) edo zuzenean irakaslearekin (Aitzol, aitzol@aol.com) harremanetan jartzea. Galdetzea libre da eta ez da loteslea.

Zeure galdera beste hiri edo estatu baterako bada, idatzi Izaskun Kortazar AEBetako koordinatzaileari (izaskunkortazar@gmail.com).



Komentarioak

  • Jai Alai Bai eta Euskara ere Bai

    Bejondeizuela Miamiko Euskaltzaleei! Pilotan nahikoa ez eta orain diozute ekin Euskarari. Hori da grina hori. Animoak ikasleei eta goraintziak irakasleari. Gogoan zaituztet Erresuma Batuatik.

    Koldo, 2010/03/21 03:45

  • Gora gu eta gutarrak !

    Zorionak ikasleei, eta mila esker Aitzol irakasleari. Ekin gogor denak gurea den Euskara altxorra hedatzen. Eskumuinak Paristik.

    Todor, 2010/02/15 23:45

  • Zorte on!

    Zori on! eta nire animorik gartsuena bidali nahi dizuet euskara ikasten ari zareten guztiei, baita irakasleari ere. Eutsi horri!

    MariJoxe, 2010/02/15 21:30

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia