euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Miami, Sydney, Shanghai, Mexiko... euskal etxeek Aberri Egunarekin bat egingo dute igande honetan

2009/04/09

Aberri Eguna ospatzen Cancunen, Mexikon
Aberri Eguna ospatzen Cancunen, Mexikon

PUBLIZITATEA

Urtero legez atzerriko euskal komunitateek Aberri Eguneko jaiarekin bat egingo dute asteburu honetan, hainbat kultur ekitaldi, bazkari eta afariekin. Batzuk, Washington DC-ko Euskal Etxea kasu, dagoeneko ospatu dute jaia --joan den apirilaren 4ean hain zuzen-- baina ospakizun gehienak, asteburu honetan bertan izango dira. Miami, New York, Mexiko DF, Cancun, Celaya, Sydney, Shanghai eta Madrid dira horietako batzuk. Argentinan, Txilen eta beste toki batzuetan hitzordu gehienak datozen asteetan gauzatuko dira. Artikulu bereizian, Argentinako deien berri.

Donostia-San Sebastián. Miamiko Euskal Etxeak, AEBetan, igande honetan ospatuko du Aberri Eguna. Elkarteak proposatu duen plana bertara biltzen den jendearen arabera alda daiteke: partehartzaileak 30 lagun baino gutxiago badira, pintxo dastaketa egingo da Txoko Alai elkartean, 14:00etatik aurrera. Taldea 60-70 lagun ingurukoa baldin bada Jaime eta Susan Angulo euskal etxeko kideen Lakuan egingo da. Toki honi buruzko informazio gehiago Boni Guenetxearen www.paellaparty.com katering enpresa euskalduneko webgunean. Lakua izeneko tokia bazkari eta ekitaldi jendetsuetarako gune bereizitua da. Euskal Etxeko urteko kuota ordaindu ez duten bazkideek bertan jarriko den mahaian egiteko aukera izango dute. Menua pintxoak eta haragi errekia entsaladarekin izango da.

AEBetan ere, baina iparralderago, New York-en, bertako Euskal Etxeak ere igande honetan ospatuko du Aberri Eguna. Egitaraua 12:00tan hasiko da Josu Iriondo New Yorkeko Apezpiku laguntzaileak emango duen mezarekin. 13:00etan 'Txomin taberna' irekiko da Eusko Etxean eta 15:00etan Iñaki Lete chefak prestaturiko bazkaria zerbitzatuko da. Bazkariaren prezioa, bazkideentzat $50.00 eta bazkide ez direnentzat $55.00; 13 urtetik gorako haurrentzat $ 50.00 eta 8-12 urte bitartekoentzat $15.00. Mahaian lekua okupatzen ez duten 8 urtetik beherakoak, doan.

Mexiko eta Venezuela

Hegoalderago, Mexikon, Aberri Egunak hiru lekutan bilduko ditu euskaldunak igande honetan: hiriburuan, Celayan eta Cancunen. DFko Euskal Etxean Esteban Maizak prestatuko duen bazkaria egingo da. Cancunen Quintana Roo estatuko euskaldunek lagunarteko bazkari batekin ospatuko dute eguna. Menua, honakoa: pintxoak, errusiar entsalada, txuletak, patata tortila, kafea eta konpota. Bazkalostean mus partidak jokatuko dira. Azkenik, Celayan, urtero bezala inguru hauetako euskaldunak Arrano Beltza elkartean bilduko dira, lagunarteko bazkari bat egiteko. Dagoeneko ehun bat lagunek eman dute izena.

Caracasen, Venezuelan, Eusko Etxea elkarteak urteroko hitzordua beteko du, ekitaldi egitarau mardularekin. Egitaraua 11:00etan hasiko da, meza batekin eta ondoren ikurrina eta Venezuelako bandera jasoko dituzte patioan, ohorezko aurresku bat dantzatuz. Eguerdian pilota partidak jokatuko dira eta 14:00etan bazkaria egingo da. Menua: babarrunak, marmitakoa, txipiroiak, atuna tomatearekin eta solomoa.

Madril, Shanghai eta Sydney

Madrilen, Espainian, Euskal Etxeak elkarteko txokoan egingo den bazkari batekin ospatuko du Aberri Eguna, igande honetan. Munduko beste puntan, Txinan, Shanghain bizi diren euskaldunek piknik bat egingo dute Century Park parkean. Azkenik, Australian, Sydneyko Gure Txokoko kideek ere antzeko plana izango dute, eta urteroko tradizioari jarraituz Centenial Park delakoan piknika egingo dute.

Bestalde, Argentina eta Txile bezalako beste leku batzuetan, kasu askotan datozen asteetara atzeratuko da Aberri Egunaren ospakizuna. Artikulu bereizituan, Argentinako deialdien berri.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia