euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mezua luzatu dio Urkullu lehendakariak Diasporari, 'diasporizatzera' eta zubi-lokarriei eustera deituz

2015/12/31

Iñigo Urkullu lehendakaria
Iñigo Urkullu lehendakaria

PUBLIZITATEA

Gabon eta Urte Berri garaia dela eta mezu idatzia bidali die Urkullu lehendakariak munduko euskaldunei, nazioartean zehar 25 herrialde eta 189 euskal etxe harrapatzen dituen euskal sarea osatzen duten norbanako eta elkarteei. Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez idatzitako mezuak, zorionak eta urte berria opa izateaz gain, 'diasporizatzera' deitzen du eta baita elkarri laguntza ematera ere, harreman-zubiei eutsiz, eskerrak emanik munduko euskaldunei euren Euskal Herriarekiko ekarpenagatik.

Vitoria-Gasteiz. Hona hitzez hitz munduko euskaldunek Iñigo Urkullu lehendakariak sinaturik jasotako mezua:

Munduko euskaldunok, lagun agurgarriok,

Mundu global batean bizi gara, geroz eta txikiagoa eta irisgarriagoa bihurtu zaigun mundu interkonektatu eta elkarren mendeko batean. Badirudi guztia dugula hurbilago, Interneteko "klik" batekin edo hegazkin-txartel batekin lortzeko moduan; alabaina, sasoi honetan, zuzenean eta pertsonalki opa nahi dizuet Gabon zoriontsuak igaro ditzazuela eta ondo has dezazuela Urte berria.

Lerroon bidez, nahi nuke zuek ere sentitzea gurekin zaudetela; izan ere, guzti-guztiok osatzen dugu egunetik egunera handiagoa den sarea. Gaur egun, 189 Euskal Etxe ditugu; azkena, berriki Marseillan aitortutakoa. Eta Basque Club edo Maison Basque izenekoak ditugu mundu osoko 25 herrialdetan irekita. Zuek ere Euskadiren parte zarete, munduan Euskadi ordezkatzen baituzue.

Kultura bat partekatzen dugu, eta bost kontinenteetan barreiatutako komunitate nazional bat osatzen dugu. Aurten, gainera, elkar ikusteko eta Kanpoko Euskal Kolektibitateen Munduko VI. Biltzarrean parte hartzeko aukera izan dugu, “DIASPORIZATU” lelopean. Asmatutako hitza da hori: gaztelaniaz, “diasporizar”; ingelesez, “diasporize”; eta “diasporiser”, frantsesez. Zehazki, kanpoan bizi zareten pertsonok duzuen balioa adierazten du, munduari zabalik dagoen leihoa baitzarete, gure komunitatearen etengabeko harremanetarako zubia. Euskadin bizi garen pertsona guztiok zuek ordezkatzen duzuena bezalako Euskal Komunitate konprometitu eta aktibo bat edukitzeak dakarren balioaz jabetzea nahi genuke.

Horregatik, gure herrialdearen zerbitzura, elkarri laguntza ematea da gure egitekoa. Harremanzubi hau irekita eduki nahi dugu, zuei informazioa helarazi eta aukeren berri emateko. Eta hala, herri euskaldunaren garra, eta horrekin batera, gure kultura, ohiturak eta bizimoduak mundu luze-zabalean bizirik mantentzeko egiten duzuen zeregina eskertu nahi genizueke.

Belaunaldiz belaunaldi, guztiekin partekatu eta etorkizunean indartu nahi dugun ondare bat jaso dugu. Elkarrekin gure herrialdearentzat balioa sortuko dugun itxaropena dut, eta izugarri eskertzen dizuet egiten duzuen lana. Euskaditik bidaltzen dizkizuet, beraz, Gabonetarako eta Urte berrirako nire desiorik onenak.

Gabon zoriontsuak igaro ditzazuela eta Urte berri on!

Iñigo Urkullu Renteria
 

-Lehendakariaren Gabon mezua Kanpoan den Euskal Komunitateari. Euskaraz (pdf)
-Mensaje de Navidad del Lehendakari a la Comunidad Vasca en el Exterior. En castellano (pdf)
-Message de Noël du Lehendakari á la Communauté à l'Extérieur. Frantsesez (pdf)
-Christmas Message from the Lehendakari to the Basque Community Abroad. English (pdf)

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia