Buenos Aires, Argentina. Tradizioari eutsiz, Argentinako euskal etxe ugari ari dira egunotan San Ignazioren omenezko ekitaldiak ospatzen. Aurten uztailaren 31 asteguna denez, askok ospakizuna aurreko asteburura aurreratu edo ondokora atzeratu dute, Necocheako euskal komunitatearen kasu. Necocheako Euzko Etxeak Donostiako Goizaldi dantza talde donostiarraren bisita izan du eta, beraiekin batera, afari batekin aurreospatu zuten pasa den larunbatean Iñaki Deuna, uztailaren 27an. Horrez gain, eta ohiturari jarraituz, necocheatarrek bonben burrunbak eragindako “esnatze alaia” izango dute bihar asteazkena, uztailaren 31a. Goiz goizetik, Eusko Etxeko kide nabarmenenei etxez etxe bisita laburra egin ostean, Udaletxera joko dute. Intendentearekin batera, lore-sorta jarriko dute hiriari izena ematen dion Mariano Necochearen eta hiriaren sortzaile Angel Ignacio Murga-ren monumentuan, baita Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean ere.
Bihar ere, baina hiriburu argentinarrean, 19etan, Buenos Airesko artzapezpiku Jorge Ignacio García Cuervak meza emango du San Ignazio elizan, Loiolako santuaren omenez. Hiriko Laurak Bat-ek, bere aldetik, santua gogoratzeko ekitaldi sorta zabala eskainiko du. Uztailaren 31an bertan, Goizaldi taldeari harrera egingo dio. Hiriburuko euskal etxeetako dantzarientzako klase irekia eman ondoren, afaria partekatuko dute. Abuztuaren 2an, ostiralean, 19:30ean, pilota erakustaldia izango da hainbat modalitatetan: xare, emakumezkoen pilota eta elite mailakoa. Larunbatean, abuztuaren 3an, 19:30ean, Lagun Onak Abesbatzak kontzertua eskainiko du Pedro de Basaldua aretoan. Igandean, 12etan hasiko da jaia, Danborrada eta euskal dantza erakusketa frontoian. Jarraian, bazkaria Basaldua aretoan. Bazkaltzeko txartelak $ 15.000, edaria kanpo.
Iñaki Deuna, San Inazio, Iñaki Donea edo San Ignazio (Euskaltzaindiak hau hobetsi du) izenpean, Loiolako santuaren festa euskal etxe askotako zaindari eta ospagaia da
San Ignazio Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxeko zaindaria ere bada eta Euskal Etxeak omenezko meza bat eskainiko dio herriko Karmengo Amaren parrokian, asteazkenean bertan, 19etan. Eta, abuztuaren 4an, igandea, 13etan, Denak Bat-ek bazkaria antolatu du bere egoitzan, euskal dantza erakustaldi eta Euskal Etxeko abesbatzaren emanaldia programako parte.
Arrecifesen, aurten ere ignaziotar programa ondoko asteburuan hedatuko da, hainbat jarduerarekin. Larunbatean, 17etatik aurrera, doako sarrerarekin, tailer ugari eskainiko dituzte euskal egoitzan, tartean zeramika, txistu, mus, zahato eta euskara tailerrak. Igandean, 10:30etan meza izango da, santuaren irudia zaintzen duen San Jose de los Arrecifes elizan. Zeremonia bukatutakoan, euskal dantza emanaldia jendaurretuko dute Mitre plazan. 13etatik aurrera jai handia lehertuko da Euskal Etxeko areto eta patioan, Arrecifesen ehun urte pasatuak dituen euskal etxea baino zaharragoa den San Ignazio festan, euskal plater, dantza, kantu, musika eta dantza herrikoiak lagun.
Rosarion, bertako Zazpirak Bat Euskal Etxeak, etxeko Gaztedi Zutik dantza taldearen aldeko afaria antolatu du bere San Ignazio egitarauan abuztuaren 2an, ostiralean, gaueko bederatzietan. Dilista gisatuak zerbitzatuko dituzte helduentzat, eta haurrentzat, fideoak kremarekin. Txartelak, janaria eta postrea barne dira, ez edariak, barran salduko baitira. Afariaren prezioa, 7.500 peso. Bildutako dirua etxeko gazteak Bahia Blancako Euskal Aste Nazionalerako bidaiaren gastuak ordaintzeko erabiliko da.
Hau lagin bat baino ez da santuaren eguna ospatzeko diaspora argentinarrean antolatu/ko direnen erakusgarri. Segidako artikulu batean munduko beste herrialde batzuetako euskal etxeetako ospakizunen panoramika eskainiko dugu.