Corpus Christi, Argentina. Joan den asteburuan abiatu zuen Misiones probintziako Corpus Christin bertako Eusko Etxeak 2019ko bere Euskal, Argentinar eta Mbya-Guarani Jaia. Larunbatean, 'Kontaketa Harrigarriak' Literatur Lehiaketaren XI. edizioko sari banaketa egin zen eta ondoren lan esgrafiatuen erakusketa zabaldu zen, euskal elkarteko Arte Tailerreko ikasleek egindako lanez.
Misio jesuiten eremu izan zen eskualde honetan, alabaina, San Ignazio eguna den uztailaren 31a hemen jai ez denez, igandea izan zen programako egun nagusia. Goiz goizean Eusko Etxeko lagunek euskal eta jesuita-guarani murala inauguratu zuten Euskaldunen Plazatxoan. Proiektuaren arduradun Valeria Garibottik bertan ezarritako ikurren esanahia azaldu zuen eta euskal etxeko dantzariek eta danbojotzaileek euskal musika eta dantzak eskaini zituzten mural berriaren aurrean.
Ondoren, billdutakoak kalejiran joan ziren Eusko Etxera, euskal eta guarani herriei buruzko hitzaldi bana eman zuten Cesar Arrondo irakaslearen eta Estela Garma museologoaren esanak entzutera. Kultur aktibitateak bukaturik, bazkaria partekatu zuten etxekoek eta gonbidatuek.
Astelehen eta asteartean lan esgrafiatuen erakusketak jarraitu zuen eta Arrondok, Agirre Lehendakariari eta Gernikako Bonbardaketari buruzko hitzaldiak eskaini zituen, saio bakoitzaren amaieran gaiari lotutako film bana proiektaturik.
Corpus Christiko Eusko Etxeak urteko bere elkarretaratze nagusi gisa antolatzen duen hitzordu garrantzitsu hau gaur bukatuko da, San Ignazio egunean, santuari eskainitako meza eta ondoko bazkariarekin.