Caracas, Venezuela. Meza bat emango da bihar osteguna, otsailaren 13an, Caracaseko San Ignazio Eskolako elizan, arratsaldeko sei t'erdietan, urtarrilaren 27an Venezuelako hiriburuan hil zen Ricardo 'Triki' Azpiritxagaren oroimenez.
Azpiritxaga durangarra zen izatez eta 1939tik bizi zen Venezuelan, Franco generalaren armada faxistak eragindako gerlatik ihesi beste hainbat bezala bertara heldu zenean. Gudari izana, Caracas eta Venezuelako euskal komunitatean oso aktiboa izan zen belaunaldi bateko azkeneko partaideetakoa zen.
Guztiek ezagutzen eta errespetatzen zuten eta berak eta bere familiako eta ondorengoek segitu dute Caracaseko Eusko Etxeko kide aktibo izaten. Izan ere, Caracasen Eusko Etxea sortu eta munduko euskal etxeetan lehenetakoa jarri zuten belaunaldiko kide zen Azpiritxaga.
Kirolzale ere bazen, eta bereziki maite zuen futbola. Jokatu ere atezain gisa jokatu zuen zenbait ekipotan.