euskal diaspora eta kultura
2011/02/04
PUBLIZITATEA
Ayacucho, Argentina. Otsailaren 12an, larunbatean, iluntzeko 8etan eta herriko "Nuestra Señora de la Purificación” parrokian, 'Euskal Odola' Euskal Etxearen omenezko esker-emate meza egingo da. Testuinguru honetan, iaz 90 urte bete zituen Margarita Higinia Horquin andrea instituzioko biziarteko bazkide berri izendatuko dute.
“Margarita isilpean lan egiten duten pertsona horietakoa da; bere alaba ere kolaboratzaile izugarria da euskal etxean. Jaiak egiten ditugun bakoitzean, Susana Erviti, Margaritaren alaba, aretoa apaintzeaz arduratzen da”, azaldu dio euskal etxeko lehendakaria den Fermina Mariezcurrenak EuskalKultura.com-i.
Otsailaren 12an bertan 2009-10eko elkarteko hildakoen omenaldia egingo da. Oroituko dituzte besteak beste Santos Miguel Diez de Ulzurron; Domingo Galiardi; Elena Gari de Pintos; Julio Ibarra; Mario E. Iriarte; Maria Dolores Iturbe; Beatriz eta Irma Laurenceba; Maria Angelica Saharrea eta Miguel Zabaleta.
FEVAko eta herriko agintariak afarian
Hurrengo asteburuan, otsailaren 19an hain zuzen, 120 lagunentzako afaria eskainiko da euskal etxearen egoitzan. Sebastian Colavitak eta Graciela Calok alaituko dute gaua “Intimo” ikuskizunarekin.
“Beldur gara, berriro ere, lekua ez dela nahikoa izango”, aitortzen du Mariezcurrenak. “120 pertsonentzako lekua baino ez daukagu eta eskaera handiagoa izango dela ziur gaude. Gonbidatuen artean, Ricardo Basterra FEVAko lehendakaria eta emaztea, herriko alkate Dario David eta Udaleko kultur idazkaria, Mirta Martinez, egongo dira” kontatu digu Ferminak.
Zazpi urtetako bidea
Baina hazten jarraitzeko, eguneroko lana ezinbestekoa da. Beste urte bat betetzen ari da 'Euskal Odola', helburu anitz betetzen dituelako egunez egun. Eta 2010ean burututako ekintzak horren adibide onena da. Erakundeko kultur sailak 7 proiektu bideratu eta gauzatu zituen:
1) 'Ipuinaren ordua': bost haurtzaindegitako ehunka umek hartu zuten parte. Griselda Luque Mariezcurrena kontatzailea eta Dolores Leanes arte plastiko irakaslea arduratu ziren ekimen honetan.
2) 'Herri Kirolak': udal interesekoa izendatua, euskal jolas tradizionalen 3. topaketa egin zen urriaren 7an euskal etxearen aurreko kalean. Ayacuchoko eskoletako 200 ikaslek hartu zuten parte kirol ekintza honetan.
3) 'Eraiki dezagun etxea' lehiaketa: Elsa María López de Armentia irakaslea arduradun, txapelketaren 2. edizioa egin zen. Irudi irabazlea 902 zenbakidun haur eskolako Agostina Sarraua-rena izan zen.
4) 'Zer dakit nik euskaldunei buruz' lehiaketa: laugarren urtez jarraian eta María Luisa Quiroga irakasle eta euskal etxeko kidearen laguntzarekin burutu zen sariketa. Agustina Giacchino irabazleak bere saria jaso zuen San Fermin jaietan.
5) 'Euskal etxeko liburutegia antolatuz': adin guztietako irakurleentzako materiala –liburuak, CDak eta DVD-ak-- dago liburutegian eta astean bitan irekitzen zaio komunitateari.
6) 'Euskal etxearen partaidetza herriaren ekitaldietan': urtean zehar Fermina Mariezcurrenak eta beste hainbat agintarik, euskal etxearen izenean hartu zuten parte udalak eta herriko instituzioak antolatutako ekimenetan.
7) 'Adineko jendeari begirako topaketak': emakume eta gizon asko hurbildu ziren euskal etxera kartetan aritzera eta askaria hartzera. Urtean zehar hamar elkarretaratze egin ziren, guztiak giro ederrean. Azkenean, azaroaren 19an, urte amaiera ere ospatu zen.
“Ikusten denez, euskal etxean egiten ditugun ekintzak komunitate osoari zuzenduta daude”, azaldu du Mariezcurrenak balantze moduan. “Jende guztiarengana heltzea, hori da gure helburua eta zazpi urte hauetan lortzen joan garela uste dut”, adierazi du Ayacuchoko Euskal Etxeko lehendakariak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus