euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Meza Bolívarreko Nafar Etxearen 70. urteurrena ospatuz eta bihar saio artistiko-kulturala eta senidetasun afari handia

2024/02/02

Bolivarren Espainiako Kontsulorde den Walter D´Aloia Criadok, Bolivarreko Nafar Etxeko Zuzendaritza Batzordeko kideek, abesbatzakoek eta dantzariek parte hartu zuten San Carlos Borromeo elizan egindako esker emate eta oroitzapen mezan
Bolivarren Espainiako Kontsulorde den Walter D´Aloia Criadok, Bolivarreko Nafar Etxeko Zuzendaritza Batzordeko kideek, abesbatzakoek eta dantzariek parte hartu zuten San Carlos Borromeo elizan egindako esker emate eta oroitzapen mezan

PUBLIZITATEA

Bolívar, Argentina. Duela 70 urte Bolivar hirian Nafarroako immigrante talde batek eta euren ondorengoek, bilgune bat izateko gogoz, Nafar Etxea sortzea erabaki zuten. Horrela ekin zitzaion formalki, 1954ko urtarrilaren 31n, elkarte honen bizitza instituzionalari. Urte luzez erreferentziazko gune izan da, eta izaten jarraitzen du gaur egun Bolivarreko komunitate osoarentzat. Herenegun, urtarrilaren 31an, San Carlos Borromeo parrokian egindako meza batekin hasi ziren urteurrenaren ospakizunak. Victoria Pereira Iglesias nafar etxeko dantzariak ohorezko aurreskua dantzatu zuen, eta elkarteko zenbait kidek zeremonia erlijiosoaren irakurketekin hartu zuten parte, bazkide eta lagun ugari bildurik, baita Bolivarren Espainiako kontsulorde den Walter D´Aloia Criado ere. Bihar larunbata, otsailaren 3a, gainontzeko ekitaldiak egingo dira, esan nahi baita argazki erakusketa historikoa, musika eta dantza jaialdia eta Urteurreneko Afaria.

Nafar Etxeko lehenengo dantza taldeko kide izan zen bere ama bezala, egungo lehendakari Mariana Sardon ere dantzaria izandakoa da. Hunkituta, bere harridura adierazi dio EuskalKultura.eus-i Bolivarreko bizilagunen aldetik egun hauetan jasotako zorion agiantza eta esker onarengatik. "Niretzat, oso emozio handikoa da, erraldoikoa. Eta bere 70. urteurrenean Nafar Etxeko buru izatea, ohorea eta harrotasun itzelekoa", adierazi digu. Jasotako agurren artean, Bolivarreko intendente Marcos Pisanorena. izan ere urtarrilaren 31n bertan, hiriko agintaria zoriontzera bertaratu zen Venezuela 166 etorbideko egoitzara eta etxeko instalazioak bisitatu zituen. Bihar, Urteurreneko Afaria egingo dute eta 150 pertsona baino gehiagok parte hartzea espero da.


Ezkerretik eskuinera: Dantza taldeko zuzendari Luisina Teruel, Raíces Navarras abesbatzako zuzendari Sandra Santos, idazkari Mirta Moriones eta Nafar Etxeko lehendakari Mariana Sardon harrera egiten Bolivarreko Intendente Marcos Pisanori eta gobernuko idazkari Marcos Beorlegui-ri

"Gogoz egingo diegu putz kandelei"

 Larunbatean, lehenengo hitzordua Coliseo Español Antzokian izango da. Bertan, elkarteko historiaren mugarriak biltzen dituen erakusketa grafiko bat inauguratuko dute eta jarraian, Ikuskizuna hasiko da. Sandra Santosen zuzendaritzapean, Raíces Navarras abesbatzak eta,  Luisina Teruelen eskutik, Nafar Etxeko dantza taldeak, Buenos Airesko Nafar Etxeko dantzarien partaidetzarekin, emanaldia eskainiko dute. Amaieran, elkartearen egoitzan, afaria partekatuko dute. Bertaratzekoak dira, besteak beste, Buenos Airesen Espainiako Kontsul Nagusia den Fernando García Casas, Bolivarren Espainiako Kontsulorde den Walter D´Aloia Criado, udal agintariak eta Buenos Airesko Nafar Etxeko presidente Daniel Remondegui. "Itxaropen handia dugu. Herrialdearen egoera ekonomikoak eragina izan du ospakizunaren inguruko erabakiak hartzerakoan; izan ere horrelako festa bat antolatzea arriskatzea baita. Baina, zorionez, Bolivarreko jendeak oso ondo erantzun digu, beraz, larunbatean kandelei gogoz putz egingo diegu eta pozarren egingo dugu topa, 70 urteengatik", azaldu digu elkartearen erreferente den Mariana Sardonek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia