euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mexikoko Euskal Etxeko kideek San Fermin jaia aurreratu eta larunbatean egin zuten euren 'entzierro' berezia

2008/07/07

Gazteek zezen puzgarri batekin jolastu zuten San Fermin jaiaren ospakizunean
Gazteek zezen puzgarri batekin jolastu zuten San Fermin jaiaren ospakizunean

PUBLIZITATEA

Mexikoko Euskal Etxeak egun batzuk aurreratu zuen Iruñeko San Fermin jaiaren ospakizuna. Atzo eman zitzaion hasiera Nafarroako hiriburuan txupinazo tradizionalaren bidez, baina euskal-mexikar elkarteak Juan Jose Arrieta nafarrak eta bere laguntzaileek prestatutako bazkari batekin ospatu zuten festa larunbatean. Partaide gehienek arropa zuria eta zapi gorriarekin girotu zuten topaketa, eta besteak beste, zezen puzgarria eta txaranga bati esker, Sanferminak era atsegin eta alaian ospatu ahal izan zituzten.

Mexiko DF, Mexiko. San Fermin jaia Mexikoraino heldu zen larunbatean bertako euskal elkarteari esker. Euskal Etxeko bazkide eta lagunak Juan Jose Arrieta nafarrak eta bere laguntzaileek eginiko bazkari bat dastatu ahal izan zuten eta ospakizunaren tradizioari eutsiz, topaketan bildutako ehun lagunak zuriz eta gorriz jantzita egon ziren. Lepoko zapi gorria ez zen faltatu ekitaldian.


San Fermin Mexikoko Euskal Etxean3
[Juan Jose Arrieta nafarrak eta bere laguntzaileek bazkaria prestatu zuten Mexikoko Euskal Etxean]

San Fermin Mexikoko Euskal Etxean2
[San Fermin jaiaren ospakizuneko partaideak bazkaltzen]

Euskal Etxeko laguna den M. Puy Albistur Mendiburuk aurtengo Sanferminetako kartel ofizialak oparitu zizkien elkarteko arduradunei eta paretetan ipini zituzten giroa apaintzeko. Arratsaldean zehar jarduera ugari egin ziren euskal etxean: gazteenak 'zezena hezi' jokoan aritu ziren animalia adardunaren puzgarri batekin; beste askok lagunekin hitz egiten eta kantatzeko beta hartu zuten; eta txikien taldeak txaranga baten doinuarekin dantzatu zuen. Zenbait mahaikidek kaba irabiatu zuten haurrek eta helduek korrika bizian ihes egiten zietelarik, algara eta oihu artean.


San Fermin Mexikoko Euskal Etxean1
[Gazteak oso ondo pasa zuten zezen puzgarrian]


San Juan Gaua

San Fermin ospakizuna baino egun batzuk lehenago, Mexikoko Euskal Etxeak San Juan Gaua ospatu zuen iragan ekainaren 21ean. Partaideek sutzarraren gainetik salto egin zuten eta 'Txarra kanpora, ona barnera: sarna fuera!' doinu tradizionala kantatu zuten sorginak uxatzeko helburuarekin. Gazteek eta helduek urdai zatiak berotu zituzten sutzarretan ondoren ogitartekoarekin jateko. Era honetan, mexikar Euskal Etxeko kideak, sutzarretan espiritu gaiztoak uxatu eta arimak garbitu zituzten.



San Fermin Mexikoko Euskal Etxean
[Mexikoko Euskal Etxeko kideek eta lagunek urdai zatia berotzeaz gain, espiritu gaiztoak uxatzeko eta arimak garbitzeko sutzarra egin zuten (argazki multzoa Mexikoko Euskal Etxea)]


Lotura interesgarriak

Mexikoko Euskal Etxea
www.centrovascomexico.com

Vascosmexico
www.vascosmexico.com



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia