euskal diaspora eta kultura
2011/01/27
PUBLIZITATEA
Mexiko DF, Mexiko. Mexikoko Euskal Etxeak San Sebastian eguna ospatu zuen joan den larunbatean, eta urtero legez, aparteko jaia antolatu zuen, elkarteko danborradarekin batera. Festa giro "ezinhobea" izan zuten Mexikoko hiriburuan, elkarteko kide den Mari Carmen Arrecheak EuskalKultura.com-i azaldu dionez.
Jende andana bildu zen euskal elkartera larunbatean, jaiaz gozatzeko prest. Gaua Jon Astigarragak eta Juan Jose Arrietak prestatu zuten afariarekin hasi zen. Menua, honakoa izan zen: pintxo dastaketa, onddo eta perretxiko zopa, azpizuna pate saltsarekin eta barazkiekin eta azkenburukoa, sagar tarta hostopila vainilazko izozkiarekin.
[Afarirako azken ukituak ematen (argazkia MCArrechea)]
Afalostean heldu zen eguneko momenturik zirraragarriena: elkarteko danborradaren desfilea. Diasporako danborrada beteranoenetakoa da mexikarra, eta Alfredo Jober izan zuen aurten ere zuzendari. Oraingoan hogei bat lagunek osatzen zuten danborrada, neska zein mutil. Talde alaia osatzen zuten danborrariek eta afarira bildutako lagunak hunkitzea lortu zuten San Sebastian martxarekin eta beste kantuekin.
[San Sebastian martxa jotzen Mexikoko Euskal Etxean (bideoa MC Arrechea)]
[Alfredo Jober danborrari euskalmexikarrak zuzentzen (argazkia MCArrechea)]
[Adin desberdinetako neska-mutilek osatu zuten danborrada (argazkia MC Arrechea)]
Lehendabiziko notak entzutea aski eta sobera izan zen partehartzaileak animatzeko eta, bakoitzak bere sukaldari txanoa eta makilak hartuta, bat egin zuten denek danborradarekin. Mahaietako danborreri inprobisatuek ere izan zuten euren momentua, Alfredo Jober danbor nagusiak buelta eman eta eurei begira zuzendu zuenean.
[Mahaietan eserita danborrari amateur asko bildu zen Mexikoko Euskal Etxean (argazkia MC Arrechea)]
[Danborradan dantza eta koreografia tipikorik ez zen falta izan (argazkia MC Arrechea)]
Danborradaren ostean dantzaldia hasi zen eta giro ederrean bukatu zuten jaia euskalmexikarrek, goizaldean. "Orain 2012a arte itxaron beharko dugu jaia berriz ospatzeko, baina tira, gutxiago falta da jada!", laburbildu digu gogotsu Mari Carmen Arrecheak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus