Mexiko Hiria, Mexiko. Hilabete larri batzuen ondoren, pixkanaka, eta bazkideen eskabideei erantzute aldera aurrez aurreko ekintza batzuk berreskuratzen hasi da Mexikoko Euskal Etxea. Izan ere gaur bertan ekingo diete 2020-2021eko euskara ikastaroei. Hasiera mugatua izango da, alegia jarraitu egingo dute urte hasieran, pandemia zabaldu aurretik, hasi ziren taldeek
Gauza bera gertatuko da Musarekin. Protokolo zorrotz batekin muslariak ere hasiak dira asteartero biltzen, printzipioz betiko topaketak eta lagunen arteko partidak jokatzeko helburuarekin.
Euskal Etxeko eledun den Iñigo Bilbaoren hitzetan, “Oraingoz gure asmoa da itxialdiagatik eskegita geratu zitzaizkigun ekintzei jarraipena ematea. Euskara eskolen kasuan, adibidez, momentuz ez dugu talde berririk irekiko. Talde berriak, Mus txapelketa berriak eta enparauak, urtarrilerako utziko ditugu, gaitzaren nondik norakoak nora garamatzaten ikusitakoan...”.
Mexikoko Euskal Etxeak bilgune duen areto handi samarra du, derrigorrezko tarteak eta gainerako segurtasun eta garbitasun neurriak errespetatzeko aukera ona ematen duena. Zorionak, lagunok! Eutsi bideari!
[Mexikoko Euskal Etxeak ongi etorri bideoa prestatu du muslarientzat. Julen Ruiz de Azua lehendakariak azaltzen du protokoloa]