euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mexikoko Euskal Etxeak bere Mendeurrena ospatu zuen, beste hainbeste urte egiteko gogo eta ilusioz gainezka

2007/06/12

Euskal Etxearen frontoian egin zen Mendeurrenaren bazkari bizidun eta jendetsua (argazkia Mexiko EE)
Euskal Etxearen frontoian egin zen Mendeurrenaren bazkari bizidun eta jendetsua (argazkia Mexiko EE)

PUBLIZITATEA

Mexikoko Euskal Etxeko kide eta lagunek egun oso berezia bizi izan zuten joan den larunbatean, elkartearen Mendeurrena dela eta. Bilkura aspaldiko lagun askoren topaketa bihurtu zen eta belaunaldi desberdinetako euskal mexikarrek 100 urte ondoren Euskal Etxearen proiektua hasieran bezain indartsu dagoela ikusi ahal izan zuten. Karmele Belausteguigoitia bazkideak, bilerako pertsona nagusienak, izan zuen Mendeurrenaren plaka oroigarria desestaltzeko ohorea eta, emozioak despistatuta edo umore onez gainezka, batek baino gehiagok hurrengo Mendeurrenerako hitzordua egin zuten.
Alberto Ituarteren enpresak zerbitzatu zuen menu oparo bat izan zen Mexikoko Euskal Etxearen Mendeurreneko bazkariaren izarra. 300 lagun bildu ziren bazkarira --sarrerak bukatu egin ziren-- eta tiketik gabe gelditu ziren lagun asko arratsaldean agertu ziren Euskal Etxera. Bazkalostean, elkarteko lehendakari Eduardo Ormaetxeak Euskal Etxearen 100 urteen laburpena egin zuen, solas eta ekitaldi ofizialen tartea zabalduz. Josu Legarretak, Euskal Kolektibitateen Zuzendariak, Jaurlaritzaren eskerrona eman zien urteetan zehar elkarteko zuzendaritza batzorde desberdinetako kideei.

Jarraian eguneko une hunkigarrienetakoa heldu zen, plaka oroigarriaren desestaltzea. Karmele Belausteguigoitiak, elkarteko bazkide nagusienak, izan zuen ohore hori, egungo Zuzendaritza Batzordeko kideen laguntzarekin. Euskal Etxeko kideek 'Agur Jaunak' abestuz agurtu zuten elkartearen lehenengo mendeurrenaren oroigarri gelditu den plaka. [Ezkerreko irudian plaka oroigarria, euskarazko eta gaztelaniazko hitzak biltzen dituena]

Ehun urte liburu batean

Eguneko beste ekitaldietako bat Euskal Etxearen historiari buruzko liburuaren aurkezpena izan zen. Amaya Garritzek eta Javier Sanchizek idatzi dute liburua eta Amaya Garritz, historialaria eta euskal presentzian aditua, bertan izan zen liburuaren laburpentxo bat azaltzeko. Jarraian musikaren tartea heldu zen. Bi zati izan ziren, lehendabizikoa Estibaliz Igea sopranoa eta Luís Maria Bilbao tenorearen eskutik, Juantxo Viguria eta Alberto Rodríguez pianoan lagun. Bigarren zatian Santiago Aguirre kantariak mariachi talde baten laguntzarekin mexikar tradizioaren ikutua eman zion egunari.

[Goiko irudian, ezker-eskubi eta goitik behera: Miren Aguirre lehendakari ohia Jaurlaritzaren eskerrona jasotzen; Amaya Garritz historialaria liburua aurkezten; Estibaliz Igea eta Luís Maria Bilbao kantuan; eta Santiago Aguirre mariatxiekin]

Animazioa eta giro ona gau parteraino luzatu ziren eta dantza eta dantza nekatu egin zirenek indarrak biltzeko aukera izan zuten Juan José Arrietak prestatu zituen ogitarteko goxoei esker. Arrietak Luís Miguel Zugarramurdi eta Mariangeles Arrechearen laguntza izan zuen sukaldean. Eguneko beste aktibitate 'faboritoa' plaka oroigarriarekin argazkia ateratzea zen eta talde ugarik hartu zuten irudia, 100 urte hauen lekuko izatearen pozez gainezka. [Eskubiko irudian talde bat oroigarriaren azpian eginiko argazkian]

Eguneko argazkiak VascosMexico.com webgunean eta Euskal Etxearen web gunean daude ikusgai (artikuluko irudiak VascosMexico.Com eta Mexico EEaren webguneeu zor zaizkie)


Lotura interesgarriak

VascosMexico.com
www.vascosmexico.com

Mexikoko Euskal Etxea
www.centrovascomexico.com

Mendeurren bazkaria egingo du Mexikoko Euskal Etxeak
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko ekainaren 6ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia