euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mexikoko EEak bere abesbatzako kideak bilduko ditu otsailaren 21ean; martxoaren 1ean Inauteri jaia egingo dute

2025/02/18

Mexikoko Euskal Abesbatza otsailaren 21ean elkartuko da
Mexikoko Euskal Abesbatza otsailaren 21ean elkartuko da

PUBLIZITATEA

Mexiko hiria, Mexiko. Hamar urte pasatu dira Mexikoko Euskal Etxeko Abesbatzak bere azken kantaldia egin zuenetik eta urteurrena aitzaki moduan hartuz, koruko kideak berriro ere elkartuko dira 90. hamarkadan Abesbatzaren zuzendaria izan zen Toño Barberenak deiturik. Euskal Herriko musika ardatz izango duen topaketa otsailaren 21ean izango da, arratsaldeko 6:30etan eta koruan abeslari izan zirenek ez ezik, Euskal Etxeko kideek eta oro har elkarteko lagunek eta kantuzaleek har dezakete parte. Gogora dezagun Euskal Etxeko Abesbatza, elkarteko jarduera adierazgarri bat izan dela, diskorik ere atera zuela, eta euskal kulturaren eta nortasunaren baitan elementu esanguratsua izan den kantuzaletasunaren erakusle izan zela

Euskal Etxeak hainbat hitzordurekin hasi zuen urtea eta euskal kulturaren adierazpen ugari ari da garatzen azken hilabete t'erdi honetan. Euskal pilota arloan, otsailaren 4an, Unai Astiz, Jonan Peñalver, Victor Esteban, David Merino eta Asier Arribas Euskal Herriko pilotariek euskal pilota erakusketa eskaini zuten Euskal Etxean, Mexikon barrenako biraren baitan. Partida bukatuta, lagun arteko afaria partekatu zuten etxekoekin.

Baina Donostiako danborradarekin ere egin zuten bat mexikarrek, bertan finkatutako jarduera baitute. Urtarrilaren 18an, Alfredo Jover-en zuzendaritzapean, Sarriegiren piezak jo zituzten etxeko danborrariek. Urtarrilaren 8an, berriz, Mus Txapelketa izan zen elkartzeko aitzakia eta urtarrilaren 7an, errege erroska dastatzea.

Euskal jai giroarekin jarraitzeko inauteriak ospatzera ere deitzen du Mexikoko Euskal Etxeak. Festa martxoaren 1ean izango da eta bazkariaz gain mozorro lehiaketa ere antolatuko dute. Informazio gehiago, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia