Boise, Idaho, AEB. Mexikoko Juan Isidro Mendiburu Cenoz-ek eta Juan José Echenique Echeverriak osatzen duten bikotea izan da txapeldun, joan den astean zehar Boise eta Idahoko egoitzetan jokatu den Munduko 43. Mus Txapelketan. Bigarren lekuan, eta irabazleengandik oso gertu, Argentinako bikotea geratu da, Eduardo 'Xarpito' Makuch-ek eta Mariano Mazzanti cañuelastarrek osatzen dutena, Mexiko eta Argentinaren arteko azken partida oso lehiatu baten ondoren.
Irabazle eta parte-hartzaileek giro ederrean ospatu zuten ostiral gauean Jean eta Monique Flesher eta euren sukalde-taldearen ardurapean prestatua, edo ondotik zuzeneko musikarekin egindako dantzaldian, hemen ere Jean Flesher buru duen Amerikanuak euskal-amerikar musika-talde tradizionala izan zela jendea dantzan jarri zuena, larunbatean ere baxenabartar jatorriko Flesher bera eta bere musikariek edertu zutela gaualdia.
Txapelketara joandakoen bisitetako bat, Idahoko Capitol House gobernu-etxera, Boisen
Txapelketako azken partida hasi aurretik, Mexiko eta Argentinako bikoteak
Txapelketako gazteena, Matteo Etchart, eta zaharrena, Rufino Iribarren, biak Kanadakoak
Gogora dezagun hamar bikotek hartu dutela parte aurtengo txapelketan, zortzi herrialderen ordezkari, AEBek, herrialde anfitrioi gisa, bigarren bikote baterako eskubidea baitzeukaten, eta baita Kanadak ere, honek azken Txapelketako herrialde irabazle gisa. Aurtengo txapelketak laurogei bat pertsonako jende multzoa mugiarazi du partidak jokatu dituen egoitzetara, muslari, mus-zale eta laguntzaileen artean. Txapelketak emakume bakarra izan du, Kanadako Julia Etchart Christy.
Hona herrialde eta bikoteen sailkapena:
1 Mexiko: Juan Isidro Mendiburu Cenoz & Juan José Echenique Echeverria
2 Argentina: Eduardo Makuch & Mariano Mazzanti
3 Frantzia: Frantxoa Aicaguer & Vincent Lamarque
4 Euskadi: Gabriel Pérez Martínez & Aitor Pérez Llorente
5 Estatu Batuak 1: Felipe Cerdan & Juan Jose Viscay
6 Estatu Batuak 2: Augustine Ugalde & Esteban Elexburu
7 Kanada 1: Frank Altuna & Rufino Iribarren
8 Peru: Ivan Huerga & Juan José Meneses
9 Txile: Gaetano Santoro & Juan Mendiburu
10 Kanada 2: Julia Etchart Christy & Matteo Etchart
Euskal komunitateen arteko Munduko 43. Mus Txapelketa Idahon egin da 2022ko urriaren 8tik 16ra, bozkarioz, azkeneko bi urteetan Koronabirusagatik bertan behera utzi behar izan baitzen. Erakunde antolatzaile: NABO federazioa eta Boiseko Euzkaldunak eta Euskal Museoa lankide; laguntzaile baita ere Mountain Home-ko Euskal Lagunak, Gooding-eko Basque Association eta Homedaleko Txoko Ona euskal etxe idahotarrak, baita Boiseko Oinkari dantza taldekoak, beste hainbat elkarte eta lagunekin batera.
Mundu Txapelketako koordinazioa NABOko Mus Arduradun Pierro Etcharreni zor zaio, José Luis Urrutia eta Valerie Etcharren Arrechea lankide; eta Idahoko saioen ardura orokorra, Tyler Smith-i, lankide eta laguntzaile Annie Gavica, Ana Mendiola, Mateo Franzoia, Ed Orbea eta Mike Franzoia. Mila esker handia halaber euskal etxe bakoitzean eta herrialde bakoitzean antolatzaile, partaide eta bolondres izan diren denei, guztiei esker izan baita posible Mundu Txapelketari bi urteren ondoren berrekitea.