euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mexikoko baztandarrak Euskal Etxean bildu ziren, Baztango Egunaren 5. edizioaz giro bikainean gozatzeko

2008/05/07

Baztango bandera, jaiaren buruan, lekuko izan da aurten ere (arg. centrovascomexico.com)
Baztango bandera, jaiaren buruan, lekuko izan da aurten ere (arg. centrovascomexico.com)

PUBLIZITATEA

Joan den maiatzaren lehenean hiriburu mexikarreko Euskal Etxea kolore baztandarrez jantzi zen Baztango Egunaren edizio berri batean, bertan bizi diren baztandarrek antolatutako jai jendetsu eta alaiean. Bostgarren edizio honetan Aita Alfonso Andueza oroztarrak eman zuen meza eta Arizkundik etorritako Patxi Larralde txistulariak doinu alaiez alaitu zuen jaia. Euskal Herritik etorritako Xarnege taldeak, ordea, ezin izan zuen parte hartu, bere biran azken orduan izandako aldaketen karietara.
Baztango Egunaren azken edizioak jai honek lortu duen izen onari ohore egin zion eta lagun asko bildu zituen Mexikoko Euskal Etxean maiatzaren lehenean, giro bikaina gozagarri. Urtero legez elkarteko frontoia Baztango armarriko koloreekin atondu zuten antolatzaileek eta tamaina erraldoiko ikurrina izan zen jaiaren lekuko. Gainera, euskal etxera heldu bezain pronto parte hartzaile bakoitzari Baztango jaietako zapia banatu zioten eta jaiaren giroan errazago murgildu ahal izan zuten denek.

Jaia mezarekin hasi zen eta aita Alfonso Andueza, Nafarroako Oroz herrikoa berau, izan zen elizkizuna zuzendu zuena. Musikaren laguntza ere izan zuen, Patxi Larralde txistulari arizkundarraren eskutik. Larralde Baztango herri hartatik etorria zen Mexikora oporretan, Ameriketako Baztango Egunaren esperientziaz gozatu ahal izateko.

[Goiko irudian euskal etxeko frontoian egin zen bazkariko une bat]

Mezaren ondoren partehartzaileak frontoian bildu ziren eta bertan prestatutako mahaietan lekua hartu zuten bazkariaz gozatzeko. Menua Baztango jaki tipikoek osatu zuten, horien artean baztanzopak eta zuri ta beltz, kasu. Postrea Panificadora La Vasconiaren oparia izan zen eta Nafarroako Aurrezki Kutxak oparitu zuen bazkariko ardoa, nafar ardoa noski.

Bazkalostean mintzaldien eta eskerronen ordua heldu zen. Hasteko Baztango Udaletik bidalitako gutuna irakurri zen, Mexikoko baztandarrei herriko ohiturak mantentzeko egiten duten lana eskertuz. Ondoren bazkaria prestatzen lagundu zuten bazkide, lagun eta erakundeei eskerrak eman zieten antolatzaileek. Aita Alfonso Andueza apezak eta Luis Antonio Barberena eta Patxi Larralde musikariek ere aipamena izan zuten eta bukatzeko Gotzon Uribek, Euskal Etxeko lehendakariak omenaldia egin zion Miguel Meza Euskal Etxeko langileari, elkartean lanean eman dituen 34 urteak direla eta.

[Luis Antonio Barberena (soinua), Patxi Larralde (txistua) eta Julian Istilart (txirula) musikariek bazkalostean giro ederra jarri zuten]

Arratsaldea dantza, kantu eta mus partidekin luzatu egin zen eta bitartean txikiek euskal etxean prestatutako jokoetaz gozatu ahal izan zuten. Gau partean indarrak biltzeko garaian piperrada eta solomo ogitarteko goxoak zerbitzatu zituzten eta jaia gauerdirarte luzatu zen, giro bikainenean. Eguneko argazki gehiago ikusi nahi duenak ikusgai dauzka jada euskal etxearen webgunean.


Lotura interesgarriak

Mexikoko Euskal Etxea
www.centrovascomexico.com

Vascosmexico zerrenda eta komunitatea
www.vascosmexico.com

Baztango giroak hartu zuen Mexikoko Euskal Etxea (2007)
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 4an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia