euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mexikoko Acapulco eta Euskal Herriko Ordizia senidetuta Andres Urdanetaren jaiotzaren 500. urtemugan

2008/10/10

Acapulcoko Felix Salgado eta Ordiziako Jose Migel Santamaria alkateak
Acapulcoko Felix Salgado eta Ordiziako Jose Migel Santamaria alkateak

PUBLIZITATEA

Andres Urdaneta (1508-1568) itsasgizon ordiziarraren jaiotzaren 500. urtemuga dela eta ekitaldi ugari izan dira Mexikon, Euskal Herrian, Perun eta Filipinetan, Urdanetaren itsas ibilbideko portuen herrialdeetan. Egun hauetan Ordiziako alkate Jose Migel Santamaria Mexikon da eta herenegun, urriak 8an (Urdanetak aurkitutako 'Itzulbidea' itsas ibilbidearen 443. urtemugaren egunean), Acapulco hiriko alkatearekin batera Ordizia eta Acapulcoren senidetzea izenpetu zuten. Urriaren zazpian hasi ziren Acapulcon Urdanetaren omenezko ekitaldiak eta gaur, urriaren 10ean, bukatuko dira.

Acapulco, Mexiko. Andres de Urdaneta itsas gizonaren jaiotzaren bosgarren mendeurrena dela-eta hainbat ekitaldi antolatu dira iazko abendutik hona Euskal Herrian, Perun, Mexikon eta Filipinetan (Urdanetaren itsas ibilbideko portuen herrialdeetan). Ordiziako alkate Jose Migel Santamaria Mexikon da egun hauetan, Mexiko DF eta Acapulco hirietan burutzen ari diren ekitaldietan. Mexicoko 'Urdaneta 500' jai batzordeak, Ordiziakoarekin batera, antolatutako ekintza egitaraua Acapulcon burutzen ari da. Herengun, urriaren 8an, Akapulkoko Felix Salgado alkateak eta Jose Migel Santamaria Ordiziako alkateak bi herrien arteko senidetze ituna izenpetu zuten, hemendik aurrera bi herrien  elkarkidetza bultzatzeko.

Urriaren 6an, astelehenean, bilera bat izan zen kooperazio gaiak lantzeko Acapulcon, izan ere Urdaneta 500 urtearen helburuetakoa etorkizunean laguntza programak babestea da Mexiko, Filipinas eta Perun. Asteazkenean, urriak 8, San Diegoko (Akapulko) gotorlekuan hitzaldi sorta eta “Urdaneta eta bere garaia” liburuaren aurkezpena izan ziren. Ondoren, aurrez aipatutako itunaren izenpetzea izan zen Udaletxeko areto nagusian. Arratsaldean, Urdanetaren jaiotzaren 500. urtea gogora ekartzen duen plaka jarri zen agerian Mexico-Filipinas plazan. Plaka Jorge Loyzaga arkitekto eta eskultore mexikarrak egin du eta epe laburrean  El Callao (Peru), Manila eta Cebu City (Flipinas) eta Ordiziako gune esanguratsuetan ere ipintzea espero da. Iluntzean zesta puntako partida jokatu zen Jai Alai pilotalekuan. Euskadiren izenean, Imanol Lopez eta Iker Foronda puntistek jokatu zuten.

Gaur, urriak 10,Mexiko DF-n, Franz Mayer museoan izango den ekitaldi instituzional batean  hartuko dute parte gonbidatuek. “Urdanetaren sekretua” dokumentala emango da. Museo honetan Urdanetari buruzko erakusketa dago zabalik apiriletik urria bitartean eta, irailean, hitzaldiak eman ziren “Urdaneta novohispano: la inserción del mundo hispánico en Asia” izenburupean.

Andres Urdanetaren webgunea

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia