Mexiko Hiria, Mexiko. Euskararen Egun ahaztezin bat izan dute aurten Mexikoko Euskal Etxeko lagunek. Izan ere, Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan (FIL Guadajara) parte hartzera Euskal Herritik propio bidaiatutako Arantxa Urretabizkaia idazle donostiarra eta Etxepare Institutuko Irene Larraza eta Imanol Otaegi, Mexiko Hiriko Euskal Etxera bertaratu ziren Euskararen Eguna bertako ikasle, irakasle eta oro har lagunekin ospatzeko. Euskal Herritik etorritakoez gain, hiriburu mexikarretik beretik Jose Maria Cazalis Euskadiren Mexikoko ordezkariak ere bat egin zuen Euskal Etxeko eta UNAMeko ikasleekin ospakizunean.
Europan eta Hego Amerikan ere euskararen gorazarreko ospakizunekin segitzen dute, eta zein modu hoberik goratzeko tresnatzat hartzea baino. Azaroaren 30ean ospatu zirenen artean, Bruselako Euskal Etxea dago. Belgikako hiriburuan Kantujira batekin hasi zen ospakizuna eta bertso bazkari batekin jarraitu, Naia Arrizabalaga bertsolari azkoitiarra eta Iker Letamendia bertsolari azpeitiarra partaide. Arratsaldean Euskaraokea antolatu zuten eta eguna amaitzeko, festa.
Arantxa Urretabizkaia idazle donostiarra eta Etxepare Institutuko Irene Larraza zuzendaria eta Imanol Otaegi Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria ohorezko gonbidatuak izan ziren 2024ko Euskararen Eguneko Afari mexikarrean
Literaturazaleek ere izan dute hitzordu ederra egun hauetan Mexiko Hirian. Arantxa Urretabizkaiak ‘Azken etxea’ (Pamiela, 2023) bere eleberriaren gaztelaniazko edizioa,, ‘La última casa’ izenpean, aurkeztu zuen UNAMen
Bertso bazkaria Bruselako Euskal Etxean Arrizabalaga eta Letamendia kantari (argazkiak Azkoitia GUKA)
Txileko Santiagoko Euzko Etxeak ere joan den larunbatean ospatu zuen. Euskadiren Txileko Ordezkaritzarekin batera, Euzko Etxeak hainbat jarduera proposatu zituen: bisita gidatua euskal etxearen eraikinari, kultura tailerrak, musika, mintzodromoa… Erasmus programako truke ikasle batzuek ere hartu zuten parte. Eta Santiagon ere, baina Txileko Euskal Gizataldea elkartearen eskutik, abenduaren 1ean egin zuten bat ENErekin eta egitarauak batu zituen, esaterako, 10. Pintxo Txapelketa, San Frantziskoren omenezko meza, bazkari herrikoia eta euskal dantzak.
Baina orainarte aipatutako euskal etxe eta komunitate guztien aurretik, Australiako euskaldunak lotu zitzaizkion ENE ospatzeko hitzorduari, izan ere Pazifikoaren beste aldean, eta Euskal Herria baino 11 ordu lehenago biziz, eurak baitira gauza askotan munduan gauzak lehenik egiten dituzten Diasporako lagunak. Kasu honetan Sydneyko Gure Txokok jaso zuen aurten ere 'titulu' hori. Euskararen Eguneko festak osagai izan zituen: kantak, bertsoak eta bingoa, eta baita bertan ederki prestatzen dakiten bazkari bikaina ere!
Bisita gidatua Santiagoko Euzko Etxera elkarteko Ignacio Bastarrica lehendakaria gidari, eta mintzodromoa
Egun osoko programa antolatu zuten Txileko Euskal Gizataldean euren egoitza den Estadio Españolen
Hurrengo topaketak
Datozen egunei begira, Perutik bi gonbite iritsi zaizkigu: Limako Euskal Etxeak gaur egingo du Euskararen Eguneko afaria. Raul Noblecilla lehendakariak ongietorria emango die bildutakoei eta Hemendik At dokumentala proiektatuko dute. Anais Noblecilla euskara ikaslearen Euskararen Eguneko bideoa aurkeztuko dute eta afaldu ondoren, musika eta kantak Nerea Elorriaga euskara irakaslea lagun. Trujilloko Euskal Etxeak, berriz, online topaketa egingo du abenduaren 7an, Peruko goizeko 8:20etan, Argentinako 10:20etan, EHko 14:20etan. Linka, hemen. Caracasko Eusko Etxean Euskararen Eguna eta Gabon elkarrekin ospatuko dituzte abenduaren 7an, 14etatik aurrera. Erreserbak idazkaritzan egin behar dira. Informazioa, hemen.
Valentzian egitarau berezia izango dute aurten, erkidegoak bizi izandako tanta hotzak eragindako ezbeharraren ondorioz. Izan ere, ospakizuna atzeratzea erabaki zuten eta Euskararen Eguneko jaia abenduaren 14an egin. 11:30etan, mintzodromoa; ordu 1ean, ‘Euskararen bilakaera’ Jose Fernando Domeneren hitzaldia; ordu 2:30etan, herri bazkaria. Bazkarirako izena hemen behar da eman. Jarduera honetan jasotzen den diru guztia tanta hotzao kaltetutakoei bideratuko zaie.
Htzordu gehiago, agendan. Argentinako hitzorduak artikulu berezitu batean doaz. Ez da duzu zeure euskal etxeko ekitaldia ikusi, idatzi mesedez info@euskalkultura.eus helbidera.