euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mexiko Hiriko EEa euskara eskolak sustatzeko ahalegin berezia egiten ari da; izena emateko epeak irekita darrai

2012/02/27

Lourdes Arrechea, Mexikoko Euskal Etxeko presidentea; Kinku Zinkunegi, HABEko teknikaria; eta Itziar Urkiola, elkarteko zuzendaritzako kidea (argazkia HABE)
Lourdes Arrechea, Mexikoko Euskal Etxeko presidentea; Kinku Zinkunegi, HABEko teknikaria; eta Itziar Urkiola, elkarteko zuzendaritzako kidea (argazkia HABE)

PUBLIZITATEA

Mexikoko Euskal Etxeko zuzendaritzak, Lourdes Arrechea lehendakaria buru duela, 2012an zehar elkarteko euskara eskolak sustatzeko eta indartzeko apustua egin du eta lan eskerga ari da egiten helburu hori lortzearren. Elkarteak hiru maila eskaintzen ditu eta irakasleak Gurutzne Etxeberria amezketarra, Nerea Basterretxea bermeoarra eta Gabriel Ceballos mexikarra dira. Eskolak emateko ordenagailu gela berritu egin du euskal etxeak, eta ikasleak elkartzeko bilgune bat ere egokitu du. Ikasle kopuruak gora egin du jada, eta izena emateko epea irekita dagoela gogorarazten du Lourdes Arrecheak.

Mexiko Hiria, Mexiko. Euskara eskolak indartzen ari da aurten Mexikoko Euskal Etxea eta dagoeneko ikasle kopuruak gora egitea lortu du. Iragan asteartean, otsailak 22an, elkarteak HABErekin duen hitzarmena berritu zuen eta ikasturte honetan emango diren klaseetarako diru-laguntzak eskuratu zituen. Kinku Zinkunegi, HABEren Euskara Munduan programaren koordinatzailea, Euskal Etxean izan zen eta bertako arduradunekin ikastaroen martxa aztertu zuen.

Euskal Etxeak jakinarazi duenez, eskoletan izena emateko epeak irekita darrai, nahiz eta ikastaroak otsailaren erdialdera abiatu ziren. Hiru irakasle ari dira lanean bertan: bi Euskal Herrikoak dira eta, aldi berean, Mexikoko unibertsitateetan ere euskara irakasle ari dira: Gurutzne Etxeberria amezketarra eta Nerea Basterretxea bermeotarra. Gabriel Ceballos mexikarra da hirugarren irakaslea.

Ordutegiak honakoak dira: 

-Oinarrizko maila (gazte eta helduak): astelehen arratsaldean 17:30tatik 19:30tara gazteentzako eta 19:30tatik 21:30tara helduentzat. Irakaslea: Gurutzne Etxeberria.

-Erdiko maila (gazte eta helduak): hasiak dira klaseak, baina izena eman nahi duenak hitzordua egin dezake irakaslearekin edo klasera azaldu asteazkenetan 19:00etan Gabriel Ceballos irakaslearekin hitz egiteko. Ikastaroa asteazkenetan 19:00tatik 21:00etara

-Goi maila (gazte eta helduak). Nerea Basterretxea da irakaslea, eta ikastaroa asteartetan 19:00etatik 21:00etara ematen da. Irakasleak ikasle berriak elkarrizketatu beharko ditu maila ematen duten jakiteko. 

Ikastaroan astean bi orduko eskolak eta internet bidezko tutoretza eta jarraipena egiten dira. Prezioa hilean $100.00 peso da euskal etxeko bazkideentzat, eta $300.00 peso bazkide ez direnentzat. Parte hartu nahi dutenek Euskal Etxearekin harremanetan jarri behar dute, bertara joanez (Euskal Etxea, Aristóteles 239 Col Polanco), 5250 40 25 telefonora deituz edo e-maila bidaliz centrovasco@prodigy.net.mx helbidera.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia