euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mexiko-Euskadi estropaden harira, gastronomia mexikar jardunaldiak Gipuzkoan eta Lapurdin

2016/06/08

Gorka Cepeda, Hondarribiako Arroka Berri jatetxekoa; Aitor Manterola Lezoko Patxiku Enea-koa; Cesar Sanchez chef mexikarra; Iker Goiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Harreman zuzendaria eta Victor Maldonado estropadetako zuzendaria atzo prentsaurrean
Gorka Cepeda, Hondarribiako Arroka Berri jatetxekoa; Aitor Manterola Lezoko Patxiku Enea-koa; Cesar Sanchez chef mexikarra; Iker Goiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Harreman zuzendaria eta Victor Maldonado estropadetako zuzendaria atzo prentsaurrean

PUBLIZITATEA

Txingudiko badian irailean egingo diren Mexiko-Euskadi estropaden harira, atzo aurkeztu ziren Gipuzkoako Lezoko Patxiku-Enea jatetxean Mexiko-Euskadi Kopako Jardunaldi Gastronomikoak. Mexikotik etorritako Cesar Sanchez Serna sukaldariak eta Celayako Unibertsitateko bere lau ikasle arduratuko dira herrialde mexikarreko zaporeak dastarazteaz. Hiru jatetxe gipuzkoar, Lezo, Donostia eta Hondarribian, eta Lapurdiko bat, Hendaian, izango dira ekitaldi hauetako partaide eta gertaleku.

Lezo, Gipuzkoa. Hirugarren edizioa izango dute aurtengoa irailaren 10-12an Mexiko-Euskadi Kopako estropadek eta horien iragarle atzo aurkeztu ziren Mexiko-Euskadi Kopa Jardunaldi Gastronomikoak. Mexikotik propio etorritako Cesar Sanchez Serna sukaldaria eta Celayako Unibertsitateko bere lau ikasle arituko dira ekain honetan euren herrialdeko sukaldaritzaren ordezkari eta Gipuzkoako hiru jatetxetan eta Lapurdiko batean eskainiko dituzte otordu dastaketak.

Sanchez Serna sukaldeburua da eta Ixmati Agentzia Gastronomikoko arduraduna, baita Celayako Unibertsitateko irakasle ere. Guanajuaton. Bidaia gastronomiko honetan lagun izango ditu unibertsitateko bere lau ikasle. Euskal Herrian dauden bitartean, honako jardunaldietan parte hartzearekin batera, Luis Irizarren Eskola, Basque Culinary Center eta Juan Mari Arzak eta Andoni Luis Adurizen sukaldeak bisitatuko dituzte.

Jardunaldi Gastronomikoon laguntzaile dira Gipuzkoako Fori Aldudia, Guanajuato Estatua, Araex Grands Spanish Fine Wines eta Sol Garagardoa. Ekainaren 9tik 17ra bitartean garatuko dira, honako egutegiari jarraiki, 45 euroko salneurrian:

  • Ekainaren 9an: “Arroka Berri” jatetxean, Hondarribian
  • Ekainaren 10ean: “Branka” jatetxean, Donostian
  • Ekainaren 16an: “L’Impertinent” jatetxean, Biarritzen
  • Ekainaren 11 eta 17an: “Patxiku Enea” jatetxean, Lezon

Aurkezpen prentsaurrean partaide izan ziren Víctor Maldonado, Mexiko-Euskadi estropadako zuzendaria; Aitor Manterola, Patxiku Enea-ko sukaldaria eta ekimeneko alderdi gastronomikoko koordinatzaile dena; César Sánchez, chef mexikarra; eta Iker Goiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Harreman zuzendaria.

Victor Maldonadok azpimarratu zuen "Mexiko eta Euskadi itsasoarekin betidanik oso harreman sakona izan duten herrialdeak" direla eta "estropada garapen ekonomikorako baliagarria dela, honen guztiaren atzean oso industria garrantzitsua baitago"". Bere aldetik, Aitor Manterolak "bi herrialdeetako sukaldaritza aberatsa" aipatu zuen, "egunotan eskainiko ditugun afariak mexikarrak izango dira, nahiz eta produktuetako batzuk hemengoak izan", gehituz.

Cesar Sanchez sukaldari mexikarraren ustetan, honelako harremanak baliagarriak dira oso, ideia eta kontzeptuak trukatzeko. "Guretzat ikasleekin Euskal Herrira etortzea, zinema eskola batentzat bere ikasleekin Hollywoodera joatea bezalakoa da eta bertan Bard Pitt edo George Clooney-rekin topatzeko aukera izatea".

Azkenik, Iker Goiriak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, honelako ekimenak garrantzitsuak direla Gipuzkoarentzat esan zuen, "gure balioak agerian uzten dituztelako, elkarrekin aritzeko eta zubiak eraikitzeko balio dute eta, beraz, ongi-etorri beroa ematen diegu".

Jardunaldietan sukaldari mexikarrek eskainiko dituzten janarien artean daude, esaterako, honako izenak dauzkaten platerak: Guakamolea, 'Aguas frescas', 'El alegre compadre', 'Bola de Gobernador', Ceviche-a, 'Pipián de cacahuate con magret de pato', 'Molcajete cantinero de arrachera', 'Frutas flambeadas con tequila" eta "Helado de queso con salsa de cajeta'; hori guztia mexikar eta euskal ardoz bustiko da, sarrera gisa gargardo mexikarra ere eskainiko delarik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia