euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mexiko eta Madrileko Euskal Etxeek San Inazio eguna ospatu zuten, munduko hainbat euskaldunekin batera

2007/08/10

Umore ona izan zen nagusi Mexiko DFko Euskal Etxeko bazkarian (argazkia centrovascomexico.com)
Umore ona izan zen nagusi Mexiko DFko Euskal Etxeko bazkarian (argazkia centrovascomexico.com)

PUBLIZITATEA

Aurten ere munduko euskal etxe askok eta askok ospatu zuten San Inazio Eguna, Bizkaia eta Gipuzkoako patroiaren ohoretan. Mexiko DFko Euskal Etxean, adibidez, bazkaria egin zuten, Toño Barberena soinujolearen musikarekin girotuta. Madrilen, aldiz, Euskal Etxeak San Ignacio elizan egin zen meza elizkizunean parte hartu zuen. Francisco García Ansak organua eta Hector Gardek txistua jo zuten elizkizunean.
Madrileko Euskal Etxeak San Inazio eguna ospatu zuen joan den uztailaren 31an, lagun ugari bildu zituen meza elizkizunarekin, Rosa Ramirezek bazkideak BasqueHeritage.com-i azaldu dionez. Ekitaldia San Ignacio de los Vascos elizan egin zuten, espainiar hiriburuko Letren auzoan dagoen Principe kale ezagunean. Musika lagun izan zuten elizkizunean: Francisco García Ansak organoa eta Hector Gardek txistua jo zuten. Ondoren otamena eskaini zuten Real Congregación de Naturales y Oriundos de las Tres Provincias Vascongadas elkartean, San Ignazio elizaren ondoan.

Real Congregación de Naturales y Oriundos de las Tres Provincias Vascongadas elkartea 1715an sortu zen, Madrilen, 'anaia euskaldunen behar espiritual eta mundutarretaz arduratzeko'. Gaur egun bere hortan jarraitzen du elkarteak eta hainbat ekimenen artean, San Ignacio eliza berriztatzen ari da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien laguntzarekin. Madrileko Euskal Etxea sortu zenetik, orain dela 30 urte, bi elkarteen arteko lankidetza etengabekoa izan da, bai alde erlijiosoan (meza elebidunak, euskal santuen egunetako ospakizunak...) eta baita kulturalean ere (elizan egin diren kontzertuak).

San Inazio bazkaria Mexiko DFn

Mexikon, DFko Euskal Etxeak ez zuen hutsik egin urteroko hitzorduarekin eta San Inazioren ohoretan bazkaria egin zuten elkarteko txokoan. Bertaratu ziren bazkide eta lagunek Pedro Eguiak eta bere sukaldari taldeak prestaturiko bazkari goxoa dastatzeko aukera izan zuten. Bazkalostean Toño Barberenak bere soinuarekin alaitu zuen giroa eta bazkide asko kantuan bildu zitzaion. [Eskubiko irudian bazkariko irudi bat, Toño Barberena sopinujolea eta euskal etxeko kantariekin (argazkia www.centrovascomexico.com)]


Lotura interesgarriak

Madrileko Euskal Etxea
www.euskaletxea-madrid.com

Mexikoko Euskal Etxea
www.centrovascomexico.com

San Inazio jaia Boisen
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko abuztuaren 3an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia