Buenos Aires, Argentina. Mus jokoari lotutako bi berri iritsi zaizkigu azken egunotan. Batetik, Txileko Santiagoko Euzko Etxea Euskal Etxetik jakinarazi digute datorren ostegunean hasiko direla Hego Amerikako MercoMus Txapelketaren partidak. Programa, berez, asteazkenean jarriko da abian, honako egitarauari jarraituz:
Asteazkena, apirilaren 13a
Bi autobus jarriko ditu Euskal Etxeak muslariak eta laguntzaileak Santiagoko Aireportutik Principado Hotelera eramateko: eguerdiko ordu 1ean eta arratsaldeko 5etan.
-Iluntzeko 8:30etan, Ongi etorria Euzko Etxearen bigarren pisuan: ordezkaritzen harrera, muslarien aurkezpena eta folklore ikuskizuna
-Gaueko 10etan, Ongi etorri koktela
-Gaueko 12etan, eguneko programaren amaiera
Osteguna, apirilaren 14a
-Goizeko 9:30etan, 1. eta 2. Mus partidak. Laguntzaileek Parque Arauco de Santiago Merkataritza Gunea bisitatuko dute
-Arratsaldeko ordu 2etan, bazkaria Euzko Etxean
-Arratsaldeko 4etan, 3. eta 4. Mus partidak. Laguntzaileek Alto Las Condes Merkataritza Gunea bisitatuko dute
-Gaueko 9etan, Afaria Euzko Etxean
-Gaueko 11:30etan, eguneko programaren amaiera
Ostirala, apirilaren 15a
-Goizeko 10etan, Talagante herrirainoko txangoa
-Goizeko 11:30etan, bisita Talaganteko Undurraga Mahastira
-Arratsaldeko ordu 2etan, Bazkaria El Monte hirian
-Arratsaldeko 4etan, 5. Mus partidak
-Iluntzeko 8etan, Itzulera Santiagora
Larunbata, apirilaren 16a
-Goizeko 9:30etan, Txapelketako finalaurrekoak
-Eguerdiko 12etan, Txapelketako finalak 1., 2., 3., eta 4., postuetarako
-Arratsaldeko ordu 2etan, Bazkaria Euzko Etxean
-Arratsaldeko 4etan, Programarik gabeko arratsaldea
-Gaueko 9etan, Agur afaria Euzko Etxean. Ikuskizunak eta sari-emanaldia
Igandea, apirilaren 17a
Eguerdiko 12etan utzi behar da hotela. Aireportura joateko bi bidaia egingo dira hoteletik, ordutegia baieztatzeke.
‘MercoMus’ 9. edizio honetan Argentina, Peru, Uruguai, Venezuela eta Txileko hamabi bikotek hartuko dute parte. Txapelketari buruzko informazio gehiago jasotzeko, Euzko Etxeko Mus arloko erreferentea den Juan Carlos Lagorekin jarri behar da kontaktuan, jclago@ferreterialago.cl helbidean.
Argentinako Mus Txapelketa
Argentinan, bestalde, eta Lapridako Lagunen Etxea antolatzaile, abuztuaren 13tik 15era garatuko da herrialde honetako Mus Txapelketa Nazionala, aurten duela gutxi zendu zen Bernardo Merzdorf muslariaren omenez. Txapelketan parte hartzeko U$S 600 ordaindu behar izango ditu euskal etxe bakoitzak. Honi lotuta, antolatzaileek jakinarazi dute euskal etxe anfitrioiak eta azken edizioko irabazleak bi bikote aurkeztu ahal izango dituztela; gainerakoek, berriz, bakarra.
Txapelketarekin batera, laguntzaileentzako lehiaketa bat ere jokatuko da Lapridan, Lagunen Etxea-ko kide den Edgardo Larrazak EuskalKultura.com-i azaldu dionez. Bertan izena emateko $600 ordainduko dute bikoteek, eta saria, bildutako diruaren zati bat izango da. Partida eta otordu guztiak Lapridako Klub Sozialean izango dira.
Gogora dezagun Argentinako Mus Txapelketaren irabazleek Argentina ordezkatuko dutela urrian Donostian jokatuko duen Euskal Gizataldeen arteko Mundu Txapelketan.