Mendozako Nafar Etxe argentinarreko hamar kidek osatzen dute delegazioa eta egunotan bisitan dira Nafarroan, Foru Erkidegoko errealitatea in situ ezagutzeko asmotan, lehenengo eskuko ezagutza lortzearren. Taldeak Nafarroako Jauregia bisitatu zuen atzo eta bertan harrera egin zien Ana Ollo sailburuak, Pello Pellejero Komunikazio eta Erakunde arteko zuzendari nagusia ere partaide.
Iruñea-Pamplona. Delegazioarekin izan zuen elkarretaratzean, Ollo kontseilariak hitz batzuk eskaini zizkien, ongi etorria emanez eta Nafarroak bere Diasporarekin izan dituen harreman aspaldiko eta estua aipaturik. Mendozako Nafar Etxeari Nafarroako tradizioak eta identitate-ezaugarriak mantentzen egiten duten lana eskertu zion, honelako lanekin Nafar Etxeek "Nafarroa bere muga geografikoetan ez bukatzea, munduko zenbait herrialdetara zabaltzea baizik" lortzen baitute.
Harrera ekitaldiaren ondotik, kontseilariak zapi gorri bana eman zien delegazioko kideei, Sanferminak bertan direla-eta.
Mendozako Nafar Etxea gaur egun Argentinan dauden lauetako bat da. 1983an sortua, 120 bazkide dauzka, Nafarroatik joandakoen eta bertan nafar jatorriz jaiotakoen artean.
Gaur arratsaldean talde argentinarrak ostera bat egingo du Leireko Monastegia ezagutzearren, baita Xabierko Gaztelua ere. Ondoren Zangotzara segituko dute eta Erriberriko Gaztelua ere bisitatuko dute.