euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mendozako euskal gazteek sortu zuten 'Lurraren Azpian' Gaztetxeak bost urte bete ditu

2011/10/05

Lurraren Azpian gaztetxearen logotipoa
Lurraren Azpian gaztetxearen logotipoa

PUBLIZITATEA

Duela bost urte Mendozako Denak Bat Euskal Etxeko gazte talde batek elkartearen sotoan zegoen espazio txiki bat 'okupatzea' erabaki zuen. Hantxe jaio zen Lurraren Azpian gaztetxea, neska-mutil hauek kudeatu eta finantzatzen duten elkartea. Gaztetxeak bilgunea eman die euskal etxeko gazteei, eta euskal etxetik aldentzen hasiak ziren gazteak ere bere jardueretara biltzea lortu du. Ospakizun handia ari dira prestatzen bostgarren urteurren hau dela eta. EuskalKultura.com-ek gaztetxeko kide den Jaier Salvarredirekin hitz egin du.

Mendoza, Argentina. Mendozako gaztetxea oso txikia da, baina elkarteko gazteentzako toki kuttuna da. 54 m3 baino ez ditu --"metro kubikoetan neurtzen dugu, horrela handiagoa ematen duelako", diosku umoretsu Javier Salvarredik-- eta 2006ean jaio zen, elkartetik aldentzen ari ziren gazteak biltzeko helburuarekin. "Euskal etxeko jarduerak dantza, pilota eta euskara ziren nagusiki, eta horietan parte hartu nahi ez zuenak ez zuen elkarte barruan tokirik aurkitzen", azaltzen du Javierrek.

Gaztetxe guztiak bezala, Lurraren Azpian ere 'okupazio' batetik jaio zen. "Elkarteko taberna azpian inork erabiltzen ez zuen soto bat zegoen eta lagun batzuk leku egokia izan zitekeela pentsatu genuen. Hasieran baimena eskatu genion zuzendaritzari, baina ez genuen erantzunik jaso eta baimenik gabe hasi ginen lanean, dena txukuntzen. Erantzuna eman zigutenerako prest genuen dena", azaltzen du Salvarredik.

Gune autofinantzatua

Gaztetxeak euren gustuko jarduerak egiteko gunea eskaintzen die gazteei. "Nahi duguna (eta nahi dugun bolumenean) entzun eta kanta dezakegu; hemen eta Euskal Herrian gertatzen denari buruz hitz egin dezakegu; gau osoa dantzan ibil gaitezke edo trago bat hartu eta lo egin; laburbilduz, gaztetxen hitz egiteko eta nahi duguna egiteko askatasuna dugu", azaltzen du Salvarredik.

Gazteek euren jarduerak autofinantzatu egiten dituzte, euskal etxeko taberna kudeatuz ateratzen duten diruarekin. "Azken 50 urteetan elkarteko 'Mus Ostiralak' hitzordu klasikoa dira, eta badira sekula kale egiten ez dutenak, nahiz eta 90 urte izan", diosku Salvarredik. "Orain zazpi urte gazteak ostiraleko afari horien kargu egiten hasi ginen eta han gelditzen ginen gero, musean jolasten edo barran trago bat hartzen. Baina ohartu ginen gure zalapartak traba egiten ziela muslariei, eta horrek ere gure espazio propioa bilatzera bultzatu gintuen. Izan ere, nagusiei errespetua gure gazte elkartearen ezaugarrietako bat da".

Beti gaztetxean

Bost urte hauetako balioespena oso baikorra da, Salvarrediren aburuz. "Hasierako helburua bete dugu: euskal etxeak eskaintzen dituen ekintzetan eroso sentitzen ez diren gazteak biltzea. Gaur egun gazteak han dira, sekula kale egin gabe, hainbeste miresten ditugun gure nagusi haiek bezala. Nolabait, nagusiak ere 'Lurraren Azpian, Mendozako Gaztetxea'-ren parte dira, izan ere beraiek erakutsi digute adiskidetasuna, zintzotasuna eta dibertsioa zer den", bukatzen du.

Mendozako gaztetxearen bost urteak, bideo batean laburbildurik:


« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia