Euskal etxeko trinketean, pilotariak eta Denak Bateko kideak, tartean Alicia Aguirre eta Cecilia Belaunzaran irakasleak
Esku pilota lehiaketa ireki bat jokatu da Mendoza hirian, bertako hiru elkarte antolatzaile. One Wall (Frontball) modalitateari dagokionez, Euskal Etxean urte hasieran inauguratu zen ‘Horma Bat’ izeneko pilota lekuan izan ziren partidak Mendozako, Paranako eta Ekuadorreko kirolariak partaide. Irabazleak, diziplina honen bultzatzaile diren Leandro Rodriguez eta Adrian Astorga mendozatarrak.
Mendoza, Argentina. Urriaren 8tik 10era izan zen Mendozan Esku pilota Nazioarteko Lehiaketa, Argentina eta Ekuadorreko pilotarien partaidetzarekin. Txapelketaren baitan, hiru modalitatetan neurtu ziren kirolariak: One Wall (euskal etxean), Esku Pilota lau horma (Mendozako Regatas Klubeko instalazioetan) eta Llargues-ean (Gral. San Martin Parkean).
Emaitzak oso onak izan ziren Argentinako bikoteentzat. Izan ere, bai One Wall-en bai Esku Pilotan Leandro Rodriguezek eta Adrian Astorgak osatutako bikoteak bereganatu zituen lehenengo postuak; eta One Wall modalitatean, bigarren postua ere Mendozan geratu zen Franco Riccardi eta Lucas Pagella pilotariei esker. Llargues modalitatean, berriz, jokalari ekuadortarrak izan ziren garaile.
Aipatzekoa da asteburu osoan kirolariek otorduak antolatzaile eta erakundeetako kideekin partekatu zituztela; eta lehenengo bi egunetan euskal etxeak eskaini ziela afaria. Horretaz aparte, Denak Bat euskal etxetik jakinarazten dute lagun ugari bertaratu zirela partidak ikustera, tartean Pilota Nazioarteko Federazioko presidentea den Daniel San Juan eta Antonio Ferreres enpresaria.
Zine Zikloa
Denak Bat euskal etxeak aurrera daramatzan ekintzen artean Euskal Zine Zikloa ere aipa daiteke. Zikloaren programaren barruan, urriaren 24an Borja Cobeagaren Pagafantas pelikula proiektatuko dute. Hitzordua iluntzeko 8etan da, Udaleko Mikrozineko David Eisenchlas Aretoan, 9 de Julio kaleko 500. zenbakian. Sarrera libre eta doan.