Mendoza, Argentina. Gero eta gehiago praktikatzen da Europan eta Amerikan ‘One Wall' (Frontball) modalitatea. Argentinan oraindik ez da hainbeste zabaldu baina badaude jokoa ezarri nahi duten zenbait erakunde eta lan handia egiten ari dira horren alde.
Mendozako Denak Bat Euskal Etxeak frontoia egokitu eta joko honetan aritzeko baldintza guztiak betetzen dituen lekua prestatu zuen iaz eta egokitzearekin batera klaseak ematen hasi zen. Eskolak emateaz gain, nazioarteko lehiaketa ere antolatu zen bertan, Ekuador eta Argentina bertako kirolariekin. “Gure asmoa da, alde batetik, kirola bera eta gure kirolariek egiten duten lana ezagutaraztea. Eta bestetik ‘One Wall’ praktikatzeko Argentina osoko frontoi bakarra, hemen daukaguna, sustatzea”, azaldu diote EuskalKultura.com-i euskal etxetik.
Entrenamenduak ostiraletan dira, irekiak eta gizonezko zein emakumezkoentzat. Nazioarteko txapeldunorde den Adrian Astorgaren ardurapean daude. Informazio gehiago eskatzeko, cv@centrovascomendoza.org.ar helbidera behar da idatzi.
Adrian Astorga, Argentinako ordezkari Frontball munduko txapelketetan
25 urterekin Adrian Astorga mendozatarra etorkizun handiko karrera ari da egiten Frontball modalitatean. Regatas Klubeko beste zazpi kirolarirekin eta Leandro Maure entrenatzailearen zuzendaritzapean, taldeak Argentina ordezkatzen du munduko txapelketetan. 2015eko azaroan, Astorgak Belgika eta Holandako Txapelketa Irekia irabazi zuen banakako kategorian eta bigarren postuan geratu ziren Astorga eta Leandro Rodriguez, binakakoan.
“Gure asmoa, aurten ere Belgikako Txapelketan parte hartzea da”, azaldu dio Astorgak Euskalkultura.com-i. “Eta baita New Yorken egingo den lehiaketa batean. Europan eta Estatu Batuetan ‘Frontball ligak’ daude eta horregatik antolatzen dira aktibitate gehiago. Hemen zaila egiten zaigu frontoi gutxi daudelako. Horregatik bultzatu nahi dugu. Kirol polita da; eta gomazko pilota batekin jokatzen denez, –eta ez larruzko batekin– xuabeagoa da; ez da hain bortitza eskuentzat eta edonork joka dezake”, azaldu digu Astorgak.
Datorren urteari begira, Munduko Txapelketan hartuko du parte Argentinako taldeak, Kolonbian. 2020n, Munduko Txapelketa Euskadin izango da.