Mendoza, Argentina. Sei hilabete joan dira pandemia hasi zenetik eta koronabirusa urrun da gugandik alde egitetik. Zorionez, berri alaiago eta motibagarriagoak ere iristen zaizkigu, mundua aurrera ari deneko seinale. Gaur, esaterako, Mendozako Denak Bat Euskal Etxeak jakinarazi Youtube kanal bat irekiko duela eta kanala estreinatzeko lehiaketa batera gonbidatu du, nafar festa nagusia ospatzearren, baina baita ere kanal berria ezagutarazi eta jendearen partaidetza bultzatzeko.
Kanalaren estreinaldiarekin batera ‘San Fermin Virtual 2020’ txapelketak bere ekarpena egin nahi du jaiak beste modu batera ospatzen eta San Ferminei atxikimendu aktiboa adierazten, baina aldi berean agintariek osasun arloan zabaldutako mezuei zintzo men eginez.
Nola parte hartu
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek, gehienez 45 segundoko bideo bat grabatu beharko dute. Lana banakakoa zein taldekakoa izan daiteke, eta pantailan "Denak Bat Mendoza. 2020ko San Ferminak" (sic) dioen kartel bat agertu behar da (Euskal Etxearen Facebook kontutik behar da jaitsi eta eta inprimatu, @centrovascomendoza). Horrekin batera, bideoko protagonistek bere burua aurkeztu behar dute hemen ezarritako jarraibideak gogoan.
Bideoa Whatsapp-ez helarazi behar da +54 9 261 2120317 zenbakira, eta bidaltzeko epea uztailaren 14an bukatuko da. Lanak Youtubeko kanal berrira igoko dira uztailaren 15ean eta bertan bozkatu ahal izango du publikoak, gustukoen duen bideoari ‘atsegin dut’ jarriz. Emaitzak uztailaren 19an jakinaraziko dira.
Eta saria? Oso egokia San Fermin zaleentzat, barazkijale edo beganoak ez badira behintzat. Izan ere, txarkuteria produktuak izango dira gehienbat: 2 kilo txistorra, 3 txorizo, 500 gramo txerri ‘bondiola’ eta bi botila ardo. Euskal Herriari buruzko liburuxkek, errezetek eta oroigarriek ere osatuko dute saria.