Mendozako Denak Bateko txikiek eta dantzariek mahatsak banatu dituzte Mahats-Biltze Jaian
2017/03/07
Denak Bat Euskal Etxea Mahats Bilketaren Jaian
PUBLIZITATEA
Mendozako Mahats Biltzearen Jaia probintzia honetako festa handiena izateaz gain oso ezaguna da herrialde mailan eta baita Argentinatik kanpo ere. Hamar egunez, urtean zehar ardogintzan –upeltegi zein mahatsetan– aritzen direnek gizartearekin bat egin eta elkarrekin ospatzeko aukera dute. Antolatzaileek gonbidaturik, Denak Bat Euskal Etxeak jaiko ‘Karruselean’ hartu du parte aurten, euskal musika, dantzak eta irudiak ekarriz.
Mendoza, Argentina. Mahats Bilketaren Jaia otsailaren 26tik martxoaren 6ra luzatu da aurten. Hiriko beste hainbat elkarterekin batera aurtengo edizioan Denak Bat Euskal Etxea ere festako protagonistetako bat izan da, ‘Karrusela’ deiten duten kabalkadan hain zuzen. Desfilea, joan den larunbatean izan zen, martxoaren 4an, eta hiriko erdigunea zeharkatu zuen gai askotako karrozak agertaraziz.
Euskal Etxearen gurdia, ikurrin, lauburu eta euskal kultura tradizionalaren ikur diren irudiekin apaindu zuten Euskal Etxeko kideek. Karrozaren plataforman instituzioko txikiek eta dantzariek dantza egin eta mahatsak eskuratu zizkioten bildutako jendeari. Denak Bateko lehendakari Alicia Aguirrek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “‘Los Vascos’ enpresako kamioi batean muntatu genuen gure karroza. Enpresa Lecea familiarena da, Euskal Etxeko familia historiko batena. Duela egun gutxi joan zitzaigun Vicente Lecea Euskal Etxearen sortzaileetako bat eta lehendakari ere izan zen”.
“Guretzat ohore handia izan da jaialdi honetan parte hartzeko gonbitea jaso izana. Duela hogei bat urte ateratzen ginen kamioi txiki batzuekin; pare bat aldiz egin genuen baina gero ohitura galdu zen. Orain bueltatu gara eta presentzia handiz, gainera. Parte hartzea, besteak beste, erakundea gehiago ezagutarazteko ere izan daiteke garrantzitsua –antolatzaileek kalkulatzen dute 200.000 ikusle bildu zirela ‘Karrusela’ ikustera– eta euskal kultura zabaltzeko”, erantsi du Aguirrek.
[Denak Bat Euskal Etxea Mahats Biltze Jaian izandako partaidetzaren laburpena iruditan (Bideoa EE)]
2017ko ekintzak
Ezohiko urte hasiera honen ostean, prest dago Denak Bat urteko ekintzekin hasteko. Otsailaren 25ean egindako bilera batean, honako aktibitate hauek baieztatu dira ziklo berriari begira: euskal zine zikloa, pilota klaseak, mus klaseak eta hileroko bazkariak euskal menu tipikoekin. Proposamen hauetaz aparte, euskara eta dantza klaseekin ere jarraituko du Euskal Etxe cuyotarrak.