euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mendozako Denak Bat Euskal Etxeak euskal sukaldaritzaren aldeko apustua egin du, Zahira Arnoriagaren eskutik

2024/10/10

Denak Bat Euskal Etxeak 50 laguni harrera egin zien Zahira Arnoriagak antolatutako zikloaren lehen afarian
Denak Bat Euskal Etxeak 50 laguni harrera egin zien Zahira Arnoriagak antolatutako zikloaren lehen afarian

PUBLIZITATEA

Mendoza, Argentina. “Taberna Vasca” izenpean, Mendozako Denak Batek hileroko afari ziklo baten lehenengo topaketa burutu zuen irail hondarrean. Ekimenak Euskal Herriko sukaldaritzaren plater tipikoenak ezagutaraztea du helburu eta, aldi berean, bazkide berrien hurbiltze eta partaidetza erraztuko duen gune bat sortzea. Berrogeita hamar mahaikide bertaratu ziren aurreneko saio honetara, euskal etxearen babesle duela Zahira Arnoriagak, Barcala kaleko egoitzan antolatutako afarira.  

Inaugurazio ekitaldia irailaren 28an egin zen eta Euskal Etxeko ohiko batzuk joan ziren, baita euskal etxera inoiz hurbildu gabeko euskal jatorriko zenbait mendozatar ere, eta baita ere, harrigarria, topaketa sare sozialetan sustatu izanari esker, dagoeneko 68 urte dituen Denak Bat Euskal Etxearen berri afari hau medio izandakoren bat. Aldez aurretik erreserba egitea derrigorrezkoa zen eta menuan aukeran zeuden patata-tortilla, arrautza hautsiak txistorrarekin, marmitakoa eta sukalkia. Menu beganoa eta haurrentzakoa ere eskaini zuten. Afaria hiru dantzarik girotu zuten, Lantzeko Zortzikoa eta Arin-arin bat dantzatuz.

Hurrengo afaria datorren larunbatean

Zahira Arnoriagak ekitaldi korporatiboak antolatzen ditu. Bere birraitona bilbotarra Mendozan ezkondu eta familia handi bat osatu zuen. Anaia muslaria duen Gonzaloren eskutik hasi zen Denak Batera hurbiltzen, eta bertan topatutako familia giroaren berotasunak inspiratu zuen bere proposamena. "Nire asmoa gure plateretako batzuk eskaintzea da eta gune bat sortzea, edonork bat egin ahal izateko, bakarrik dagoen jendea integratzeko, mahaia partekatzeko, solasean aritzeko eta gau atsegin bat pasatzeko, lagun ezezagunekin izan arren, hau da, jatetxeetan normalean egiten ez diren gauzak", azaldu dio EuskalKultura.eus-i.

Hurrengo hitzordua datorren larunbatean izango da, urriaren 12an izango da, eta afarira biltzeko erreserba egin behar da, 261-2092445 whapp zenbakira deituta.

On egin!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia