euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mendozako Denak Bat Euskal Etxeak 'Baietz' taldearen erritmora ospatu zuen Aberri Eguna

2011/05/11

Mendozako Denak Bat euskal etxearen Aberri Eguneko afixa
Mendozako Denak Bat euskal etxearen Aberri Eguneko afixa

PUBLIZITATEA

Proposamen ugari burutu dira azken aste hauetan Argentinan zehar Aberri Eguneko ekintzen markoan: hitzaldi, topaketa, manifestaldi eta afariak, batzuk aipatzearren. Mendoza hiriburuan, berriz, Euskal Herriko musika tresnen soinuak gailendu ziren euskaldunentzat hain garrantzitsua den efemeride honen ospakizun egitarauan. 'Baietz' talde cordobatarraren eskutik tailer, kontzertu eta zuzeneko musikaz lagundutako dantza ikuskizunaz gozatu ahal izan ziren Denak Bat euskal etxeko kide eta lagunak.

Mendoza, Argentina. Ezaguna da Argentinako euskal etxeen artean dauden distantziak oztopo bihur daitezkeela batzuetan erakundeen arteko harremanak mantentzeko. Hala ere badago erronkei beldurrik ez dien eta oztopoak erraz gainditzen dituen jendea. Bideak hor daude eta Cordoba eta Mendoza hiriburuak lotzen dituena egin zuten Baietz taldeko kideek Denak Bat-en Aberri Eguneko jaian aurkezteko.

Ahaleginak bere saria izan zuen eta ehunik gora lagun bildu ziren euskal etxeko egoitzan musika taldeak eskaini zuen tailerrean parte hartzeko. Euskal Herriko tresna tradizionalek publikoaren jakin-mina piztu zuten eta ikastaroaren ondoren bildutako jendeak eta musikariek euskal etxeko gazteek prestatu zituzten pintxoak konpartitu zituzten afarian. Larunbateko jaia ordu txikiak arte luzatu zen, Baietz taldearen kontzertu batekin.  

Baina Mendozako aurtengo Aberri Eguneko ospakizuna ez zen hor amaituko. Igandean meza eskaini zen hiriko Jesuiten Elizan eta eguerdian, bazkaria etxeko areto nagusian.  Bazkalostean, musikari cordobatarrek berriro hartu zituzten euren tresnak oraingoan euskal etxe anfitrioiko 'Mendigoizaleak' dantza taldea laguntzeko. “Esperientzia paregabea izan zen; oso gutxitan gertatzen da hemen Argentinan zuzeneko musikaz dantza egiteko aukera izatea, eta dantzariek nahiz publikoak ederki pasatu zuten”, adierazi dio etxeko kide den Alicia Aguirrek EuskalKultura.com-i.

Baietz taldea Mendozako euskal etxean 2011 01

[Baietz taldeko kideak Mendozako Denak Bat Euskal Etxeko gazteekin]

50 euskara ikasle

Denak Bat-ek antolatutako Aberri Eguneko ekintzak arrakastatsuak izan ziren oso. Baina euskal etxean egunero garatzen diren beste aktibitateak ez dira oharkabean geratzen. Duela urte batzuk eta Argentinan Euskaraz programan trebatutako irakasleen eskutik hasi da euskara irakasten Mendozako Denak Bat-en. Aurten ikasleen kopurua 49-ra heldu da eta irakasleak poz-pozik daude. Alicia Aguirre, Lautaro Pincheira eta Cecilia Belaunsaran arduradun, Mendozako euskara ikasleak astearte eta larunbatetan elkartzen dira Euskal Herriko hizkuntzaz mintzatzera.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia