euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mendozako 'Denak Bat' EEak Gernikako bonbardaketaren 71. urteurrena gogoratuz omenaldia egin zuen asteburuan

2008/05/05

Mendozako euskal komunitateko kideak 'Bakearen Haritzak' inauguratzeko ekintzan parte hartu zuten
Mendozako euskal komunitateko kideak 'Bakearen Haritzak' inauguratzeko ekintzan parte hartu zuten

PUBLIZITATEA

Mendozako 'Denak Bat' Euskal Etxeak zenbait jarduera antolatu zituen iragan asteburuan Gernikako bonbardaketaren 71. urteurrenaren karira, bertan hildako herritarrak omentzeko. Euskal Herriko paisaiak azaltzen dituen La mirada mágica sailarekin hasi zen ekitaldia eta ondoren pintxoen dastaketarekin eta pilota partiduekin jarraitu zuten. 'Bakearen Haritzak' izenaz bataiatutako 'Euskal Zelaia'-ren inaugurazioarekin eta euskal etxeko egoitza berrituan egindako dantzekin Mendozako komunitateak amaitutzat eman zuen ohoratze jardunaldia.
Mendozako 'Denak Bat' Euskal Etxeko kide den Javier Salvarredik adierazten duenez, duela 71 urte Gernikako bonbardaketan hildako euskal herritarrak omentzeko antolaturiko jarduerak iragan larunbatean hasi ziren, 'Lau haizetara' telebista saioaren bilduma batekin. Emanaldian Mikel Lapeyra Lasak, gaur egun Argentinan bizi den eibartarrak, herri bakoitzaren geografia, tradizioak eta historiaren xehetasunak azaldu zituen.

Programaren emanaldiaren ondoren, gonbidatuek bertako gaztetxeko gazteek eginiko pintxoak dastatu ahal izan zituzten tabernan. Jarraian, ikusleek, pilotalekuan aritu ziren herriko pilotariak animatu zituzten eta ondoren, tabernara itzuli ziren jaialdiarekin jarraitzeko.

[Mendozako komunitateak Independentzia Plazan 'Bakearen Haritzak' izenaz bataiatutako 'Euskal Zelaia'-n ipinitako zur landuzko oroigarria]

'Bakearen Haritzak'

Omenaldiko ekintzei atsedenik eman gabe, igandean Mendozako euskal komunitateko kideak eta lagunak Independentzia Plazan bildu ziren 'Bakearen Haritzak' izenaz bataiatutako 'Euskal Zelaia'-ren inaugurazioa egiteko (zazpi haritz kimu landatu zituzten, Euskal Herriko zazpi lurraldeen omenez). Dantza erakustaldia egin zuten eta jarraian, Iñaki Galarraga 'Denak Bat' Euskal Etxeko lehendakariak hityz batzuk eskaini zizkien euskal herrietatik emigratu behar izan zuten zaharrei. Era berean, eskerrak eman zizkien Mendozako herritarrei, eskainitako euren partaidetza eta laguntasunagatik.

[Mendozako 'Mendigoizaleak Dantzari Taldea'k dantza ikuskizuna eskaini zien omenaldian parte hartu zuten ikusleei]

Jardunaldian, 1937. urtean Gernikan gertatutakoari buruzko datu eta erreferentziarik ez zen faltatu eta lekuaren bedeinkapenarekin amaitu zuten omenaldia. Jarraian, bertaratutakoak Euskal Etxearen egoitzako instalazio berrietara abiatu zen bertako areto balioaniztunean bazkariaz gozatzeko. Gernikako bonbardaketaren 71. urteurrena oroituz egindako bi eguneko jardunaldiari amaiera emateko, ekintzetan bildutako partaideek Mendigoizaleak Dantzari Taldeak eskainitako dantza ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten, trikitixak lagunduta.


Lotura interesgarriak

Joseba Azkarraga Mendozan bisitari
2007ko abuztuaren 20ean EuskalKultura.com-en argitara emana

'Viñas de Euzkadi', euskal zigiluko Mendozako ardoa
2007ko abuztuaren 1ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Euskal nekazari gazteak Mendozan bisitari
2007ko apirilaren 27an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia