euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mendoza izango du egoitza asteburu honetan 2022ko Nafar Gizataldeen Topaketak, Maria Chivite eta Ortzadar partaide

2022/12/05

Azken edizioa Rosarion egin zen 2018an. Irudian orduko gobernuburu Uxue Barkos eta Ollo kontseilaria nafar etxeetako dantzarien erdian
Azken edizioa Rosarion egin zen 2018an. Irudian orduko gobernuburu Uxue Barkos eta Ollo kontseilaria nafar etxeetako dantzarien erdian

PUBLIZITATEA

Mendoza, Argentina. Argentinako Nafar Etxeek elkarrekin, normalean lau urtero, egin ohi duten ekimen eta elkarretaratze garrantzitsuena da. 'Nafar Gizataldeen Topaketa' izenpean edo beste izen batzuekin, Nafarroako Gobernuko aurreko presidenteek parte hartu eta bidaia antolatu izan dute Argentinara, jai-egitarau hau tartean harrapatuz, eta oraingoan horixe egitea tokatu zaio Maria Chiviteri. Izan ere, Chivite lehendakariak bidaia ofiziala egingo du abenduaren 8tik 13ra, eta bigarren zatian helburuak ekonomia, enpresa eta unibertsitatea izango badute ere, datorren asteburu arte, programaren funtsa Diasporako nafarrak izango dira, aurten Mendozan egina, Mendozako Nafarroako Etxea anfitrioi.

Horretarako ibilia da Andepeko Nafar Etxea, datorren asteburuan bertaratuko direnak behar bezala errezibitzeko. Baina eurekin batera, Argentinako gainerako hiru nafar etxeetako kideak ere, gazteak bereziki, gogor saiatu dira euren partea egiten. Topaketarako bezala Nafarroako Gobernua laguntzaile, Iruñeko Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko 40 kide Argentinan dabiltza azaroaren 25etatik abenduaren 12raino, nafar etxeetan dantza, kultura eta euskara tailerrak ere ematen. Besteak beste, dantzari nafar-argentinarrek larunbatean Topaketan aurkeztuko dituzten dantzetan trebatzeko.

Chivite lehendakariak inauguratuko ditu Topaketak ostiralean eta larunbata, abenduaren 10a, izango da egun nagusia, dantzari eta partaideen kabalkada egingo da Mendozako karriketan eta antzokiko dantza-erakustaldiaren eta ondoko festaren eguna izango.  da. Azkeneko edizioa 2018an egin zuen festa honek, Rosarion, eta geroztik gauza asko pasatu dira, besteak beste pandemia bat, eta bildu eta berbiltzeko egarria bere gorenean dago. Buenos Aires, Rosario, Bolivar eta Mendoza bertako nafar etxeetako lagunak bertan, eta Nafarroatik Chivite lehendakaria buru duen delegazioa eta Ortzadarko berrogei lagunak parte, festa, musika, giroa, kantuak, partaidetza eta umore itzela ezaugarri izango dira.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia