euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Andeetatik jaitsi eta Olentzerok Mendozako Denak Bat Euskal Etxea bisitatu zuen lehenengo aldiz

2012/12/24

Ondoko Andeetatik edo Euskal Herriko mendietatik jaitsita --ez omen dago argi-- Olentzerok harrera itzela jaso zuen Mendozako Denak Bat euskal etxera egiten zuen bere lehenengo bisitan (argazkiaEE)
Ondoko Andeetatik edo Euskal Herriko mendietatik jaitsita --ez omen dago argi-- Olentzerok harrera itzela jaso zuen Mendozako Denak Bat euskal etxera egiten zuen bere lehenengo bisitan (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Bisita polita jaso zuten, estreinekoa, Mendozako euskal erakundearen egoitzara bildutako lagunek. Urtearen amaiera eta Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatutako festan, Euskal Herriko ikazkin ospetsu eta maitatuena agertu zen Denak Bat-eko egoitzan helduen eta batez ere txikien bozkario. Jaiaren baitan, instituzioko euskara ikasleek prestatutako lanak aurkeztu ziren eta Mendozako Nafarroako Etxeko Abesbatzaren emanaldiaz gozatu ahal izan zen. Musika eta sukaldaritza proposamen onarekin, gaueko erromeria ordu txikiak arte luzatu zen Cuyo eskualdeko euskal etxe honetan.

Mendoza, Argentina. Ehun bat lagun bildu ziren joan den abenduaren 15ean Denak Bat-eko egoitzan Olentzerori harrera egiteko. Hori baino lehen, ordea, beste opari batzuk zeuzkaten prestatuta euskal etxeko kideek euren gonbidatuentzat. Jaiaren egitarauari jarraituz, eta festari hasiera emateko, ‘Aurreskua’ dantzatu zen. Ondoren, kantuen txanda izan zen eta Mendozako Nafarrako Etxeko abesbatzak bere errepertorioko abesti batzuk eskaini zizkion bildutako jendeari.

 
Mendozako urte amaierako jaia 2012 013

[Ehun bat lagun elkartu ziren Denak Bat-eko egoitzan urte amaierako jaian parte hartzeko (argazkiaEE)]

Segidan, Denak Bat-eko euskara ikasleek urte amaierako lanak aurkeztu zituzten. Hasteko, Pello Mari Otañoren ‘Zazpiak Bat’ olerkiaren antzezpena egin zuten; gero, ‘Bagare’ abestiaren karaokearekin publiko osoa gonbidatu zuten abestera; eta horren ostean, ‘Aintza Zeruan’ Gabon-kanta egin zuten. Antzezpenekin jarraitzeko, amona batek Argentinako ilobei kontatu zien Olentzeroren elezaharra eta denen artean Olentzeroren abestia kantatu zuten. Eta abestiarekin batera, Olentzero bera agertu zen jaian.

Mendozako urte amaierako jaia 2012 012

[Urte osoan zehar ikasitakoa erakutsi ahal izan zuten Mendozako ikasleek (argazkiaEE)]

Bere zain bazeuden ere ustekabea ez zen txikia izan pertsonaia makila eskuan agertu zenean. “Mendozara etorri den lehenengo aldia izan da eta harrituta geratu ziren txikiak eta hain txikiak ez direnak”, adierazi dio euskal etxeko irakasle den Alicia Aguirrek EukalKultura.com-i. Mendozako Olentzero Jorge Aberastain euskara ikaslea izan zen, baina pipa, bizarra eta txapela jantzita zaila izan zen ezagutzea.

Mendozako urte amaierako jaia 2012b 02

[Pello Mari Otañoren ‘Zazpiak Bat’ olerkiaren antzezpena egin zuten Mendozako Denak Bat-eko euskara ikasleek (argazkiaEE)]

Topaketa eta urtearen bukaera ospatzeko, pintxo eta edari batzuk partekatu zituzten Mendozako euskal etxeko kideek, lagunek eta nola ez, Olentzerok. Giro ederrean ordu txikiak arte luzatu zen erromeria. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia