Bakersfield, AEB. Nancy Mendiburu Bakersfield-en jaio zen, Iparraldeko euskaldunen alaba. Bere semeek gogoan dute beti bihotz oneko emakume hau, beti besteei laguntzeko prest. Nancy 2000 urtean hil zen, minbiziak jota, eta bere semeek harek irakatsitakoarekin jarraitzeko asmoz, Mendiburu Magic Foundation elkartea sortu zuten.
Fundazioak hamabost urte daramatza Bakersfield inguruan minbizia eta beste gaixotasun larri batzuk dituztenen alde lanean, bereziki, umeei lagunduz. Elkarteak gaixotasun horien ikerketa finantzatzen du ere, eta Kern County inguruko gazteen aldeko komunitate programatan ere sostengua ematen du.
Bi anaia gazte
John eta Brian Mendiburu oso gazteak ziren elkartea sortu zutenean, 26 eta 22 urte baino ez zituzten, hurrenez hurren. Amari, haren azken hilabeteetan, euren planen berri eman zieten eta Nancyk pozik hartu zuen semeen ideia. "Bazuen gure asmoen berri eta oso ondo iruditu zitzaion. Bere idealekin bat zetorrela uste zuen, azaldu du John-ek The Northwest Voice aldizkariaren erreportaje batean.
Mendiburutarrak gazteak izanagatik, oinarri sendodun fundazioa sortu zuten eta hamabost urte hauetan buru belarri aritu dira lanean euren amaren ereduari jarraituz.
Gauza txikiak
Fundazioak minbizia duten gaixoei ospitaleko gastuak ordaintzen laguntzen die, batez ere gastu eta faktura txikiak, beti pendiente gelditzen diren horiek. “Gure amak beti jartzen zien arreta berezia gauza txikiei. Beti zegoen besteei laguntzeko prest, berarentzat ez zegoen inor baliogabea edo atentziorik merezi ez zuena", azaldu John-ek.
Bi anaiak harro agertzen dira bere gurasoek irakatsitakoaz eta euren ondareaz. Aita, Juan Mendiburu, Azpilkuetan jaio zen, Baztango bailaran eta 1955ean heldu zen AEBetara, 20 urterekin. Han Nancy ezagutu zuen, Bakersfield-en jaioa, Iparraldeko euskaldunen alaba. Ezkondu eta 30 urte eman zituzten elkarrekin. Semeen esanetan bikote oso langilea izan eta maitasun handikoa izan ziren. Familiak Juan Mendiburu Sheep Company izeneko enpresa bat zuen.
Mendiburu Compassion Awards
Datorren abenduaren 9an Mendiburu Magic Foundation elkarteak "Mendiburu Compassion Awards" sariak banatuko ditu Bakersfield-eko Wool Growers Basque Restaurant jatetxean.
Informazio gehiago Mendiburu Magic Foundation elkartearen webgunean: www.mendiburumagic.org.