euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mendia Mahomarengana: 'Hidden in plain sight' eta 'Amerikanuak!', erakusketa ibiltari arrakastatsuen bi adibide

2016/03/22

'Amerikanuak!' eta 'Hidden', euskaldunen inguruko AEBetako erakusketarik eta zaharrenetarikoa eta osatuena, seguruenik, hurrenez hurren (Argazkiak: BM&CC)
'Amerikanuak!' eta 'Hidden', euskaldunen inguruko AEBetako erakusketarik eta zaharrenetarikoa eta osatuena, seguruenik, hurrenez hurren (Argazkiak: BM&CC)

PUBLIZITATEA

Hogei urte bete zituen iaz Bend-eko (Oregon, AEB) High Desert Museoaren 'Amerikanuak! Basques in the High Desert' erakusketak. Hainbat hilabetez erakusgai egon eta, gerora, katalogotik kendu zuten. Edonola ere, jatorrizkoaren bertsio txikiago eta ibiltaria ere sortu zuten eta, lantzean behin, han-hemenka segitzen dute aurkezten. Modu berean, 2010ean sortu zuen, Boiseko Euskal Museoak, New Yorken estreinatu zuen 'Hidden in plain sight: the Basques', erakusketa, ibiltaria bilakatzeko hau ere. EuskalKultura.com-ekin berba eginda, High Desert Museum-eko erakusketa eta kolekzio komisarioa den Faith Brower-ek azpimarratu du instalazio nhauek daukaten garrantzia “jende askok oraindik ezagutzen ez dituen komunitate kulturalak ikertu eta jendaurretzen"..

Bend/Boise, AEB. Gaur egun gutxitan kaleratzen bada ere, urtarrilaren 16an Idahon ospatu zuten Caldwell-eko euskal jaiaren programaren parte izan zen Amerikanuak! Basques in the High Desert erakusketa. Ekitaldi solidario arrakastatsua izan zen, mila lagun inguru bilduz, erakusketaz ere gozatzen. Gaur egunean High Desert Museum-eko komisario nagusia den Faith Brower-ek ez zuen duela hogei urte Museoan lan egiten baina, esan du, garaiko komisario nagusiak, Bob Boyd-ek, “High Desert-en zegoen aniztasun kulturala erakutsi nahi izan zuela, gaia luze eta zabal ikertu ostean”.

Euskaldunek Ameriketako Oestean bizitutakoa, euren historia, kontatzen du erakusketa honek, hainbat gai desberdin jorratuz, euskaldunen jatorritik hasi eta zergatik eta noiz ailegatu ziren munduko alde honetara kontatuz. Irudi eta testuez beteriko panelek erakusketa txikia osatzen dute; aberatsa, baina. Bi hamarkada hauetan, AEBetako hamaika tokitan izan da aurkeztua: Cheyenne eta Rock Springs-en (Wyoming); Grand Junction-en (Colorado); Ontario-n (Oregon) birritan; Boisen; eta Elkon (Nevada).

Ellis Island-etik Mundura

Jakina da New York-eko Ellis Island izan zela, XIX. mende ondarreko eta XX. mende erdialde arteko immigrante askorentzako AEBetarako sargia. Horrexegatik estreinatu zuten bertan, 2010ean, Hidden in plain sight: the Basques. Hiru hilabetez erakutsi zuten, otsaila eta maiatza artean, eta 300.000 bat lagunek ikusi zutela diote datuek. Irailean, Boiseko Euskal Museora eraman zuten instalazioa eta, horren bertsio laburtu bat 2011ko Euskal Kolektibitateen Munduko Kongresura, Donostiara.

Urte hartan ere, Tokian Tokiko eta Estatu Mailako AEBetako Historia Elkarteak saria eman zion lanari, haren oihartzuna areagotuz. Euskal Herria, lehen eta orain, erakusten ditu lanak; immigranteen bizitza nolakoa zen; euskal kulturako hainbat atal, mitologia eta ohiturak tarteko; bizimodua eta euskal instituzioak Estatu Batuetan bai eta izen handiko amerikar euskaldunen bizitza, tartean kirolariak, politikariak, bidaiariak.

Erakusketa honen beste bertsio murriztu bat Sparks-eko (Nevada) Heritage Foundation and Museum-en dago ikusgai, maiatza erdira arte. Lehenbiziko hilabetean soilik, 400 bisitari jaso zituela esan dio, buletin honi, Kelly Reis museoko zuzendariak, “orain arte oso erantzun positiboa”.

Boisetik hartu zituen historia panelak Sparks-eko Museoak eta, horiei, Nevada Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketek lagatako hainbat pieza gehitu zizkien, euskal artzainek zuhaitzetan egindako hainbat marka, kasu. “Erakusketa bikaina da, zabala eta oso zehazki azaldua”, esan du Reisek. “Denetarik dago, kirolak, hizkuntza, dantzak, musika, historia… Edozein dela zure interesgunea, bertan topatuko duzu. Horrez gain, gaiaren inguruan ezer jakin gabe ere balia dezakezun erakusketa da, oso ondo azaltzen dituelako atal guztiak. Geurean edukitzeaz oso harro gaude”.

Erakusketa Sparks-etik nora doan ez da oraindik gauza segurua, baina, Annie Gavica Boiseko Euskal Museoko Hezkuntza Programen arduradunak esan bezala, “beste museo batera eramatea gustatuko litzaiguke. Hala ere, lehenengo geurera ekarriko dugu seguruenik, material guztia berbegiratu eta ondo dagoela ziurtatzeko”.

Boiseko Euskal Museoaren lana

Erakusketa bikaina da Hidden in plain sight, duda barik, baina horrez gain doanik uzten die Boiseko Museoak gainontzeko erakusketa aretoei. Ez hori bakarrik, bidaltze gastuak ere Boiseko Museoak pagatzen ditu. Biribilkia nixten dute. “Izugarrizko lana egiten dute, ikaragarri onak dira”, esan du Reisek.

Gavicaren hitzetan, euren “helburuetako bat, euskal kulturaren berri ahalik eta komunitate gehieni ematea da”. Azaldu du ere urtero egiten duten diru bilketa kanpainaren zati bat horretara bideratzen dutela (aurtengo afari sos-biltzailea apirilaren 9an izango da). “Ez dut uste museo askok erakusketak doan eman eta, gainera, bidaltze gastuak pagatzen dituztenik. Geuretzat ere ez da ohikoa, baina helburuak bete eta dirua daukagun bitartean egiten jarraituko dugu”, b aitetsi du.

-'Amerikanuak! Basques in the High Desert' edota 'Hidden in plain sight: the Basques' erakusketak errezibitu nahi dituenak Annie Gavica edo Patty Miller-ekin egin behar du berba: (208) 343-2671



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia