euskal diaspora eta kultura
2012/07/30
PUBLIZITATEA
Rosario, Argentina. Eta momentua ailegatu da; ideiak, planak, antolakuntzaz arduratzeko bilerak eta programa prestatzeko garaia pasatu da. Orain gauzatzeko, burutzeko epean daude Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxeko lagunak, eta hasiak dira egitarauko lehenengo proposamenak hezurmamitzen; izan ere, orain arte egindako hastapen honetakoen berri adierazi berri dute.
Esaterako, ekainaren 29an ‘Harreman posible baten hipotesia’ izeneko liburua aurkeztu zuten, egilearen, Rosarioko Psikologia Eskolako Semiotika eta Linguistika irakasle Fernanda Fignoni-ren eskutik.
Uztailaren 14 batean
Uztailaren 14an, berriz, gertaera batzuen urteurrena nabarmentzeko bildu ziren. “1794. uztailaren 14an Frantziako iraultza gertatu zen. Baina ‘Askatasun Publikoen’ eta frantsesen eskubideen aldeko aldarrikapenekin batera, ekitaldiak ondorio txarrak ekarri zituen Euskal Herriarentzat, Iparraldearentzat hain zuzen, iraultzarekin Lapurdi eta Zuberoako legeak eta Nafarroako erregearen titulua indargabetu baitziren”, azpimarratu dute Zazpirak Bat-etik.
[Irudi bidez, Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxeak mendeurreneko kronika egin zuen (argazkiakEE)]
Beste uztailaren 14 batean, 1.894koan hain zuzen, Luis eta Sabino de Arana y Goiri anaiek asmatutako ikurrina lehendabizikoz altxatu zen. Egun berean, baina orain dela ehun urte, Rosarioko euskaldun talde batek, San Inazio jaia ospatzeko bilduta, Euzko Batzokija – Zazpirak Bat euskal etxea sortu zuen. “Balio handiko gertakari hauek gogora ekartzeko, topaketa bat antolatu genuen eta Rosarioko Udalaren eskaerari erantzunez, egoitza ireki genuen komunitate orokorrak ere parte har zezan. Oso garrantzitsua da guretzat data hauek herri osoarekin partekatzea”, adierazten diote ‘Zazpi’tik EuskalKultura.com-i.
Arte eta euskal jantziak
Geroago, egitarauaren haritik, uztailaren 19an euskal jatorriko artista plastikoen erakustaldia inauguratu zen Bernardino Rivadavia Kultur Guneko Olga Cosettini aretoan. Lagun anitz bertaratu ziren kultur zentrora, hiriko kritikari ezagunak barne. Hamalau artistak osatu zuten erakusketa, tartean, Ana Maria Recabarren, Beatriz Goyenechea de Tietjen, Maria Sara de Zuasnabar, Arantza Soraluce, Liliana Zabalua, Maria Isabel Abaleron, Rosa Hurtado, Maggy Lezana, Rodolfo Elizalde, Ruben Echagüe, Leonidas Gambarte, Andres Pascual, Julian Usandizaga eta Juan Esteban Lipuzcoa. Aipatzekoa da Miren Muro de Ferrario, Sara Barrandeguy, Carlos Uriarte eta Carlos Otaduy lankide fin izan zirela erakusketa hau burutu ahal izateko. Aretoan Mauricio Kaperotxipi-ren ‘La Trampa’ olioa egon zen ikusgai. Ekimen berean, baina arratsaldeko 6etan ‘Gure Arropa’ erakusketa ireki zuen bere egile eta arduraduna den Magdalena Mignaburuk.
Datozen hitzorduak
Datorren ostegunean, abuztuaren 2an, gaueko 9etan eta Circulo Antzokian, Rosarioko Orkestra Sinfonikoak kontzertu bat eskainiko du euskal etxearen mendeurrenaren testuinguruan. Nicolas Rauss-en zuzendaritzapean, Maurice Ravel lapurtarraren piezak joko ditu orkestrak.
Eta abuztuaren 4an, egun osoko ekitaldia gauzatuko da mendeurrena dela eta, honako egitarauz:
-09:30etan: FEVAren bilera, Zuzendaritza Batzordeko lagunekin
-15:00etan: Euskal Asteari begira, dantza monitoreen bilera
-19:30etan: hildako bazkideen omenezko meza, Maria Auxiliadora elizan
-21:30etan: Mendeurreneko afaria. Gonbidatuen artean, hiriko eta probintziako agintariak, euskal etxeetako lehendakariak eta erakundeko kideak
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus