euskal diaspora eta kultura
2013/10/15
PUBLIZITATEA
Sparks, AEB. Ascuaga familiak hil honen hasieran jakinarazi zuen Sparks-eko Nugget kasinoa saldu behar zuela, sendiaren eskuetan azken 58 urteak izan eta gero. Global Gaming and Hospitality and Husky Finance da orain 29 solairuko bi dorreen eta eraikin nagusiak osatzen duten gunearen jabea. Salerosketa prozesua urtebeteko negoziazio luze baten emaitza da; Stephen Ascuagak, John-en semeak aditzera eman duenez. Oso bestelako izan zen, aldiz, kasinoa Ascuagarren eskuetan gelditu zenekoa: bostekoa emanez erosi zion John Ascuagak Nugget-a aurreko jabeari, Dick Graves-i.
Ascuaga 1954an etorri zen Idahotik Nevadara eta 1955ean hasi zen lanean Nugget-en. Orduan leku apala zen eta Graves eta haren emazte euskaldunak, Florak, kudeatzen zuten. Urte batzuen ostean Ascuagak erosi egin zien eta Nugget egun den kasino handia bilakatzen hasi zen. Mende erdiz, kasinoan lanean jardun zuen, berau hobetzen eta berritzen, Sparks hiriko motore ekonomikoa bihurtu arte.
Bertako euskaldunen historian ere leku aipagarria izan da Nugget, hor berean antolatu baitzen 1959an, Estatu Batuetako euskal komunitatearentzako fase berri bat zabaldu zuen Western Basque Festival delakoa, ordura arte euskaldunen jai eta festibalak barnera begira eta gehienbat soilik euskaldunentzat izaten baitziren; elkarretaratze handi harek markatu zuen ateak zabaldu eta ekitaldiak komunitate orokorrari begira normaltasunez eta modu publikoan antolatzeko bidea, geroztik barreiatu eta segitu den euskal jaien eredua ipiniz. Nugget-en anfiteatro eta instalazioetan egin izan dira baita ere beste zenbait euskal ekitaldi, hala nola Renoko Zazpiak Bat euskal etxearen urteroko piknika, egungo Wingfiled Parkera pasatu zen arte.
Une latzak
Ascuagak Stephen eta Michonne seme-alaben esku utzi zuen azken urteotan negozioaren kudeaketa, baina, azkenean familiak kasinoa saltzea erabaki du. Stephen semeak adierazi duenez, Global Gaming enpresak kasinoak lehiakor izaten jarraitzeko behar zuen tamainako inbertsioa egiteko gai da, eta horrek Nugget-en etorkizuna ziurtatuko du eta lanpostuak mantendu ahalko omen dira.
“Egun oso gogorrak izan dira", adierazi zion Stephen Ascuagak RGJ-i, aitarentzat une oso hunkigarria zela gaineratuz. John Ascuagak ez zuen adiezazpenik egin nahi izan, baina prentsa orri baten bidez eskerrak eman zizkio herriari, langileei eta bezeroei "58 urte zoragarriongatik".
Herritarren aldeko lana
Egun 88 urte ditu Ascuagak, eta Sparksera heldu zenetik herriaren aldeko lan eskerga egin du. Esaterako, bertako gazteentzako ikasketak ordaintzeko "Sorospen Awards" (sic, euskaraz) delako bekak sortu zituen, Gabonetan behartsuentzako indioilarrak oparitzen zituen eta kultur arloko ekimenentzako dirulaguntza ugari eman ditu, besteak beste.
Bestalde, Ascuaga bere euskal jatorriaz harro agertu da beti eta Oesteko euskal komunitatearen aldeko ekimenak ere sustatu ditu. Kasinoko jatetxeetako batek Orozko izena du, bere aitaren jaioterriaren omenez.
Kasinoaren salmentaren berria atsekabez hartu dute Sparks-eko hiritar askok. Haien hainbat adierazpen bildu ditu RGJ egunkariak, ingelesez, honako artikuluan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus