Mendata, Bizkaia. Oesteko ikutu berezia izango du larunbatean Mendatan egingo den Euskal Jaiak, aurten herriak Ameriketara joan ziren artzainei omenaldia egingo dielako. Herri bizkatarreko biztanle askok atzerrira joan behar izan zuren 50. eta 60.eko hamarkadetan, eta horietako asko artzain ibili ziren Estatu Batueta.
Festaren helburua, antolatzaileen esanetan, pertsonai horiei omenaldia egitea eta euren esperientzia gizartean ezagutaraztea da. "Mendatar asko euskal Diasporaren parte dira eta omenaldi xamur hau egin nahi diegu, euren sustraiak mantentzen jakin dutela, nahiz eta oso urrun egon, gure hizkuntza eta kulturaren enbaxadore apartak izan direlako", agertu du Mendatako alkate Joseba Malleak.
Rodeoa eta country jaia
Eguneko egitaraua oso zabala eta orijinala da, ikutu "country" berezi batekin. Hasteko, 12:00tan desfile edo "caravana" bat egingo da. Mendatako biztanleek garai hartako arropaz jantzita parte hartuko dute. Desfilea Elexalde auzotik Mendaturira joango da, Kupela taldearen musikak alaituta.
Ondoren, Mendaturiko bolatokian Ameriketara doan euskal gazteari agurra antzeztuko da, eta Gontzal Mendibilek kantaldia eskainiko du. Arratsaldeko 14:00tan lertxun zuri bat landatuko da, Oesteko lertxunetan markak eta mezuak utzi zituzten artzain haiek gogoan. Lertxunaren ondoan monolito bat jarriko da, “Mendatako herriak Ameriketan artzain ibilitakoari” leloarekin.
Jarraian, "country dance" erromeria bat egingo da eta ondoren bazkaria, 15:00tan. Bazkalostean, 17:30tan, "Mendata rodeo western noon" delakoa egingo da, Julian Iantzik aurkeztuta. Eta eguna amaitzeko, Kupela taldearekin erromeria 20:30tan.