Cowboy txanoak, kuadrozko alkondarak, karrokanpoak, zaldiak... Egun batez Oesteko herria bihurtu zen Mendata aurtengo Artzain Eguneko festan, Ameriketara joan ziren euskaldun haiei omenaldia egiteko modu berezian. Festak lagun asko erakarri zituen herrira eta bertakoak buru-belarri inplikatu ziren --gauzak antolatuz, mozorrotuz, parte hartuz-- Far Westeko giro honetaz gozatzeko. Ekimenak arrakasta itzela izan zuen eta hurrengorako Urdaibai osora zabaldu nahi dute ideia.
Mendata, Bizkaia. Iragan irailaren 26an Mendata Far West-eko herri bihurtu zen, Ameriketara lanera joan ziren artzainei omenaldia egiteko. Mendatako eta Urdaibai osoko gazte askok utzi behar izan zuten etxea eta EEUUra emigratu, bizi berri baten bila. Omenaldi honekin "merezitako errekonozimendua" erakutsi nahi izan zien herriak, bai Ameriketan gelditu zirenei, baita ere Mendatara itzuli zirenei.
Esan bezala, aurten festak ezaugarri oso berezia izan zuen: mendatarrak Oesteko gisara jantzi ziren, cowboy txapelekin, kuadrozko alkandorekin, zapiekin... Herrian zaldiak eta karrokanpoak ikusi ziren, country musika izan zen nagusi eta saloon bat ere egin zen, bertan zintzurra bustitzeko.
Eguna desfila batekin hasi zen, Far West-era carabana, eta bertan egin ziren geldiuneetan herriko artzainei omenaldia egin zitzaien. Julian Iantzi telebistako aurkezle ezagunak --bera ere artzainen semea eta AEBetan jaioa-- gidatu zuen carabana eta omenduak aurkeztu zituen. Kupela taldeak musika jarri zuen.
Geldiune bakoitzean omenaldia jaso zuten artzainak hauek izan ziren: aurrenekoan, Jose Mari Arangunea “Baltza”, AEBetan sarritan lanean izan dena; eta Sebe Erleaga eta Miguel Angel Gorriño senar-emazteak (haien seme-alabak AEBetan bizi dira); bigarrenean, Kalifornian izandako Jose Maria Maguregi eta Arizonan ibili zen Juan Jose Mallea; hirugarrenean, Martzelin Urresti, Klaudio Abanzabalegi eta Iñigo Elgezabal; eta azkenekoan, Benedicto Intxausti eta Karmen Totoricaguena, Patxi Zubizarreta eta Enkarna Ikazuriaga (Emmett-en izan ziren) eta Jose Ignacio Mallea, Idaho iparraldean, Grangeville aldean ibili zena.