euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Menchu Gal margolari irundarrari buruzko erakusketa zabaldu dute New Yorken, abuztuaren 28ra arte

2012/08/06

Menchu Galen argazkia panel batean iaz, bere obrari buruz sekula egin den erakusketarik osatuenean, Iruñeko Ziudadelan (argazkia Menchu Gal Fundazioa)
Menchu Galen argazkia panel batean iaz, bere obrari buruz sekula egin den erakusketarik osatuenean, Iruñeko Ziudadelan (argazkia Menchu Gal Fundazioa)

PUBLIZITATEA

Joan den ostiralean erakusketa estreinatu da New Yorken Menchu Gal margolari gipuzkoarraren (Irun, 1919-2008) ibilbide osoa bildurik. Emakume pintoreen artean aitzindari Euskal Herrian zein estatuan, 1936ko gerra garaian Iparraldera higitu zen eta gerra ostean gizonak nagusi ziren margolaritzaren arloan gogor lan egin behar izan zuen, 1959ean Espainiako Pintura Sari Nazionala lortu zuen lehenengo emakumea bilakatu arte. Menchu Gal zazpi urte zituela hasi zen pintatzen Gaspar Montes Iturriozekin eta Madrilen garatu zuen bereziki bere karrera artistikoa, bere sorterriarekiko loturak galdu gabe. Orotara 70 erakusketa eskaini zituen bakarrik eta beste 232 taldean. 2010ean Menchu Gal Fundazioa abiatu zen Madrilen, pasa den ekainaren 25ean 'Artea Deskubritu' sarietan 'Ondarearen berreskuraketa' lortu duena hain zuzen ere.

New York, Estatu Batuak. Iragan ostiralean, abuztuaren 3an, zabaldu da New Yorken, Cervantes Institutuaren egoitzan, "Menchu Gal, un espíritu libre" (Menchu Gal, gogo aske bat) delako erakusketa, pintore irundarraren hogeita hamar olio-lan bildurik "publiko estatubatuarrari margolariaren obra erakustea helburua duena, izan ere, Estatu Batuetako bere hainbat kolegari gertatu bezala Gal-ek ere gogor saiatu behar izan baitzuen gizonak zinez nagusi ziren mundu batean bere lekua egiten". "New Yorken erakusgai ezarri diren obrak duela hilabete batzuk Arte Modernoaren Institutu Valentziarrean ikusi ahal izan zirenen selekzio bat dira", azaldu du erakusketako 'curator' den Rafael Sierra kazetari eta Descubrir el Arte aldizkariko zuzendariak.

[Menchu Gal Orendain pintore irundarraren hamarnaka obra]

Margolari irundarrari buruz esana du Edorta Kortadi arte kritikariak "Menchu Gal Euskal Herriko Atlas Historiko-Artistikoan sartzea lortu duen emakume bakarra baino zerbait gehiago da. Menchu Gal da lehenengo eta behin olioa, akuarela eta grabatua medio paisaiaren eta irudiaren berehalako errealitatea modu bitalista batez adierazten jakin duen emakume artista baten grina eta adorea". Espainiako XX. mendeko emakume artistarik garrantzitsuenen artean kokatzen dute.

Abuztuaren 28ra arte Manhattanen, Cervantes Institutuaren egoitzan (211-215 East 49th Street, 10017 New York) zabalik egongo den erakusketak lankide izan ditu Cervantes Institutua bera, Menchu Gal Fundazioa, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia, Etxepare Institutua, Irungo Udala, Kutxa Gizarte Fundazioa, Valentziako Generalitatea eta Arte Modernoaren Institutu Valentziarra. New York ondoren Bilbo, Donostia, Erroma eta Parisera bidaiatuko da.

-Menchu Gal Fundazioa: www.fundacionmenchugal.com
-Erakusketa, Cervantes Institutuaren webgunean



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia