Boise, AEB. Boise State unibertsitateko Ikerketa Historiko Aplikatuko Masterra burutzeko lan mardula egin du Carson City-n (Nevada), 1957an, jaiotako Laxaltek. Lapurtarra du aitaren aldetik datorkion sustraia, eta iparraldeko nafarra amaren partekoa. Nevadako gobernadore ohi Paul Laxalt eta Robert Laxalt idazlearen loba da Meggan, eta John Bieter, John Ysursa eta Jill Gill izan zituen tesiko batzordeko kide.
Edozein talde aztergai harturik, etniko, linguistiko edota erlijiosoa, ‘Lekuak’ lanak argi uzten du toki fisiko bat izateak duen garrantzia.
-Horixe uste dut. Hirugarren belaunaldiko euskalduna naiz ni, (AEBetako) Oestean jaio eta hazia, eta aitona-amonen herrira joaten naizenean (Euskal Herrian), lehenagotik ezagutzen dudan tokia dela sentitzen dut. Gauza bera sentitzen dut Boisera noanean baina ez, ordea, Nevadan. Zergatik?
Bereziki Nevadak ere gune euskaldunak dituenean...
-Bai. Badaude jatetxeak, adibidez. Baina ez dago bat egiteko biltokirik eta berebiziko garrantzia du horrek, berdin dio irlandarra, euskalduna edo beste herri batekoa zaren. Jendarteek belaunaldi desberdinak batuko dituen lekuak baino zerbait gehiago behar dute. Boisen, Museoa, Cyrus Jacobs-Uberuaga etxea, Euskal Etxea… Den dena dago Basque Block-en. Bilgunea, bat egiteko gune bat da. Eta garrantzitsuena ez da hori bakarrik, baizik eta euskalduna ez den jendea ere ibiltzen dela hor, horrek ematen dio balioa zonalde horri.
Boisera heldutako euskal migrazioa hiru garai desberdinetan banatu duzu tesian: ‘Amerikanuak’ (19. mende bukaeratik 1920ra arte), ‘Tartekoak’ (1930-1950) eta ‘Egungoak’. Migrazio kasu gehientsuenetan, bigarren aroan galzorian egondako zerbait berreskuratzen saiatzen da hirugarren taldea. Gauza bera gertatzen da euskaldunekin?
-Nire aitak, adibidez, debekatua zuen anai-arrebekin euskaraz egitea. Ingelesez behar zuten. Bere gurasoek, nire aitona-amonek, egiten zuten bai euskaraz eta bai frantsesez ere, baina beren artean bakarrik. Eta nire aita ohartu zen ondare hori galdu egingo zela. Beraz, kasu honetan, nire aitaren belaunaldia izan zen berreskuratze behar horretaz ohartu zena. Gaizki sentitzen naiz Tartekoak belaunaldikoengatik, erdibidean harrapatu zituztelako. Baina egin zuten esfortzu horregatik balioztatzen dugu, gaur egun, gure identitatea.
Boisek batere euskal arrastorik ez zuen garaia imajinatzen zaila da. Zeintzuk izan ziren, lehenbiziko ‘Amerikanu’ haientzat, gauza oinarrizko eta funtsezkoenak?
-Jendartea zen garrantzizkoena. Batak bestea edukitzea. Beste kulturetan ere antzeman zitekeen hori; gauza bera gertatzen zen txinatarrekin, esaterako. Elkarren laguntza zuten. Eta elkar egote hori indartzeko, Amerikanuek euren ostatuak sortu zituzten. Bertan batu, beren jatekoak jan, beren hizkuntzan mintzatu, laguntza ekonomikoa eskatu… Dena egiten zuten euskal ostatuetan. Eta Nevadarekin alderatuta, non euskaldunak Euskal Herriko leku askotatik etorri ziren, Boiseko euskaldunen %90a bizkaitarra zen. Oso lagungarria izan zen hori.
Txinatarrak aipatu dituzu eta, euskaldunekin alderatuta, pentsa daiteke estatubatuarrekin amankomunean gauza gutxiago izango zituztela. Euskaldun gehienak, Amerikar asko legez, kristau katolikoak ziren. Eliza, beraz, kultura biak batuko zituen bilgune lez har genezake?
-Puntu garrantzitsua da hori. Erlijioak euskaldunak onartuak izaten lagundu zuen, gainera Europatik heldutako gizon-emakume zuriak ziren; ez ziren asiarrak, ez ziren afrikarrak, eta gainera erlijio bera zuten. Baina hizkuntza arazo handia zen. Horregatik ostatuen berebiziko garrantzia. Edonola ere, ezin dugu ahaztu euskaldunek amerikarrek nahi ez zituzten lanak egin behar zituztela, ardiekin, etxeetan… Diskriminatuak izan ziren. Langile finak zirela argi utzi behar izan zuten, bai eta bertan geratzeko asmoarekin heldu zirela, ez dirua hartu eta euren herrira bueltatzeko. Geratzeko intentzioa zutela argi geratu zenean hasi ziren errespetuz tratatuak izaten.
Orduan sortu zen Euskal Etxea? Nolabait, aurreko leku denak batzen zituen gunea?
-Bai eta ez. Euskal Etxearen sorrera garaian, euskaldunek, dagoeneko, ez dituzte lehen bezainbeste biltoki edo elkargune. Dagoeneko ez zuten frontoirik, artzainen karabanak ere sakabanatuta zeuden, familiak ere bai, etxe indibidualak erosten hasi ziren. Izen amerikarrak erabiltzen hasi ziren. Eta Bigarren Gerrate Mundialak are gehiago banatu zituen, kontu politikoengatik. Egoera horretan, ez da 1949. urtera arte sortuko Euskal Etxea. Juanita Jay Hormaecheak ulertu zuen umeek euskal dantzak ikastearen garrantzia eta euskaldunak bat egiteko toki baten beharra. Tartekoak belaunaldiari beren ondarearen garrantzia erakutsi zioten bai berak eta bai euskara eskolak ematen zituen Joe Eigurenek ere. Beraz, Amerikanuak zituzten beharretara itzuli ziren, baina ukitu estatubatuarrak gehituz, Euskal Etxeko taberna kasu. Amerikarrak erakartzeaz gain, diru sarrera ere izango zen taberna. Urteroko Artzain Festak ere (Sheepherder’s ball) erakarriko zituen estatubatuarrak Euskal Etxera. Eta euskaldunek ez zuten bat izatearen garrantzia ahaztuko.
Jaialdia izan daiteke ‘Egungoak’ belaunaldiak sortutako gauzarik handienetakoa. Horri esker, erromesgune moduko zerbait bihurtu da Boise, mundu osoko euskaldun askorentzat. Ba al zuten, Boiseko euskaldunek, erreferentziarik?
-Ekaitza perfektua eman zen Boisen, hainbat gauza gertatu baitziren une berean. Oso motibatuta zeuden, eta lurralde txiki bateko eremu txiki bereko jende bat ziren. Udaletxeko dirua ere bazuten eta euskal boteretsu eta aberats bat baino gehiago zeukaten inguruan. Adelia Garro Simplot eta Rich Hormaechea kasu. Gaur egun Basque Block deritzogun eremuko eraikin batzuk erosi eta mantendu zituzten. Begitazioa izan zuten horiek, inondik ere. Eraikinak erosten hasi zen Adelia eta, Cyrus Jacobs-Uberuaga etxea bereganatu zuenean, adibidez, zatika erortzen ari zen. Leku fisikoak izatearen garrantzia ulertu zuen. Eta horiekin batera, euskaldun eta ez-euskaldun askok ere ikusi zuten hiriko nortasunaren parte garrantzitsua zela hori guztia, eta besarkatu zituzten proiektuok.
Goitik behera aldatu du mundua Internetek. Uste duzu geroko belaunaldiak, oraindik ere, leku fisikoen beharrizana izango duela?
-Galdera ona, belaunaldi digitala erabat konektatuta baitago. Uste dut erdibideko zerbait izango dela,. Leku fisikoak beti izango dira garrantzitsuak, gizakien arteko erlazioen muinean daudelako. Mundu digitalak harremanetan jartzen zaitu, eta denboran zehar irauteko baliagarria da baina, leku fisikoek, lotura bat ematen dizute. Aurrez aurreko elkarrizketak telefono bidezkoak baino hobeak izatearen arrazoi beretsuagatik, begietara begira nazakezu eta, nik, eskua har diezakezut. Eta kontu honetan guztian, hizkuntzak ere badu berebiziko garrantzia, Hizkuntzek sendotu egiten dituztelako lekuak. Euskaldunen sinbolorik indartsuenetarikoa izan da euskara mendeetan zehar eta oraindik ere bada. Horregatik hasiko naiz, urtarrilean, euskara eskolak hartzen.