Cordoba, Argentina. Gogora dezagun Javier Busto maisu eta musikagilea (Hondarribia, Gipuzkoa, 1949) euskal koru musika garaikide onenaren nazioarteko erreferentzia nabarmena dela eta bere musika mundu osoan barreiatutako mota askotako abesbatzek daukatela euren errepertorioan. Hona ekarri dugun bideoa pasa den ekainaren 11ean egindako ekitaldi birtualari dagokio, Cordobako Gure Txokoa antolatzaile eta ADICORA-Argentinako Abesbatza Zuzendarien Elkartea eta Libertador San Martin Antzokia babesle. Entzule eta partaide ugari izan zuen, batez ere Argentinako abesbatzen esparrukoak eta baita Euskal Etxeko bazkideak ere.
Solasaldia bideratzeko ardura Matias Saccone, San Martin Antzokiko Kantu Mintegiko zuzendariari egokitu zitzaion eta hainbat gai jorratu zituen Javi Bustok bere galderei segituz, tartean gonbidatuaren hasiera musikan, bere ibilbide profesionala medikuntzan eta, esaterako, koru musikaren panorama gaur egun Euskal Herrian, batzuk aipatzearren.
Antolatzaileek gonbidatuta, Guillermo Pellicer koru zuzendaria ere solasaldiko anfitrioi gisa aritu zen. Oroi dezagun Pellicer bera zuzendari ‘Niños Cantores de Córdoba’ neska-mutilen abesbatzak Elai Ela! CDa kaleratu zuela 2015ean Argentinan, euskarazko kantuekin. Bustok eta Pellicerrek CD hura egiteko ideia nolatan sortu zen ekarri zuten gogora entzuleentzat.
Euskal Etxeko lehendakari Alejo Martin-ek ere hitz batzuk esan zituen anfitrioi gisa eta bere eskerrik beroenak luzatu zizkion Bustori gonbitea onartzeagatik, eta itxialdiak irauten duen bitartean hau bezalako ekintza gehiago egiten jarraitzeko asmoa adierazi zuen.
[Hitzaldi solasaldia Javi Busto euskal musikagile eta maisuarekin, Cordobako Gure Txokoa EEaren eskutik]
-Javier Bustoren webgunea (besteak bespartiturak bertatik lor daitezke)te