Buenos Aires, Argentina. “Betiko Haizea - El viento eterno” (sic) eman dio izena. Mauro Telletxea Buenos Airesko aktore, irakasle eta albokaria, artista bisuala ere bada. Azken alderdi honi dagokionez, amaitu berria du izan ere, Jose Antonio Martínez Ossés albokari eta luthierra ardatz harturik egin duen filma. Azken 30 urteotan albokaren garapenean funtsezkoa izan den gizon honi buruz egin duen bere opera prima eta, besteak beste, Ibon Koteron, Alan Griffin eta Mixel Ducau musikariek hartzen dute parte
Telletxearen albokarekiko lilura aspaldikoa da, Kortatu euskal rock talde erradikalaren disko bat entzuten ari zela Mauriziaren (Aldeiturriaga, pandero-jotzaile zeberiotarra) ahotsarekin batera, zinez xarmatuta utzi zuen soinu karrankari harrigarri bat entzun zuenekoa. Geroztik ikertzen hasi zen. Ibon Koteron albokariarekin harremanetan jarri zen, eta hark beka bat eman zion “Lur soinuak” bere eskolan ikasteko. Horren bidez, Osses ezagutuko zuen eta berarekin albokak egiten trebatu zen.
"Betiko Haizea", Mauro Telletxearen filmaren trailerra
Ossesi omenaldia egiteko ideia duela ia hamar urte otu zitzaion, Otazu herri arabarrean tailerra duen luthierrak 2014an Argentina bisitatu eta adiskidetasun estua sortu zutenean. Proiektua finantzatzea ez zen gauza erraza, beraz atzeratzen joan zen, pandemia iritsi arte. Aukera baliatuz, albokaren iraultzan eragin handiena izan zuten musikariekin harremanetan jarri eta laguntza eskatu zien. "Ez zen erraza izan eskatzen niena azaltzea. Beraien burua filmatu behar zuten, Ossesi buruzko eta haren ibilbideari buruzko galderak erantzunez. Baina denek onartu zuten. Eskuzabalak izan ziren oso", azaldu dio zuzendariak EuskalKultura.eus-i.
Azaroaren 17an Euskaltzaleak-en
Filma modu birtualean estreinatu zen Euskal Herriko albokarientzat. "Oso hunkigarria izan zen", dio Telletxeak. Orain, Buenos Airesen, azaroaren 17an estreinatuko da Euskaltzaleak-en. "Betiko Haizea - El viento eterno"k Argentinan egingo duen bideari buruz galdetuta, "hala eskatzen duten euskal etxeetan proiektatzea eta jaialdietan aurkeztea esango nuke", diosku. "Eta gustatuko litzaidake Euskal Herrian formalki estreinatzera bidaiatzea", jaurti du albokariak.