euskal diaspora eta kultura
2013/09/10
PUBLIZITATEA
Ezterenzubi, Nafarroa Beherea. Ezterenzubiko bestak izan dira ondarreko egunetan eta horien barne iragan astelehena baliatu du Mattin Etchamendy Ameriketan bizi den herritarrak "Urruneko Mendebebalean artzain" liburua aurkezteko. Bere bizi aberatsa kondatzen du Mattinek liburuan, Ezterenzubin hasi eta Kalifornia eta Arizonako mendi eta basamortuetaraino luzatzen dena, euskara ederrean kondatu ere, zinez gomendagarria den liburuan.
Gogoan behar da atxiki Mattin Etchamendy Ezterenzubin sortu zela 1939an eta 1961an, aitzinetik bere haurride eta familiako zenbaitek egin bezala Ameriketara joan zela artzain eta geroztik han errotua dela. Bidaia batean Euskal Herrian Maitexa baztandarra ezaguturik, harekin ezkondu eta senar-emazteak egun familia euskal amerikar baten aitama eta aitatxi-amatxi dira Kaliforniako Bakersfield-en.
Aurkezpena Ezterenzubiko ezker paretan egin zen eta herriko alkateak, Luzien Etxezaharreta Maiatz argitaletxeko arduradunak, Joseba Etxarri EuskalKultura.com-eko zuzendari eta liburuaren aitzin-solasa egin duenak eta Mattin Etchamendy egileak berak hartu zuten parte.
Gaur bertan, asteartea, eta liburuaren haritik, aurkezpen berri bat eta hitzaldia emanen du Baionan, bertako Euskal Erakustokian, Mattin Etchamendyk. Aldi berean, ez da ahantzi behar buruilaren 21ean artzain amerikanoen bazkari eta egunpasa handia eginen dela Donibane Garazin. Eta bezperan, 20an, arratseko 6etarik goiti, artzaineri loturiko liburuak izenpetzen izanen direla hiru egile Kukuxka liburudendan (3, Zitadela karrikan): Mattin Etchamendy bera, Philippe Etchegoihen idauze-menditarra eta Gaby Etchebarne aldudarra. Ekitaldia eta hor eskainiko den hurrupaldia ere zabalik eta libro dira.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus