Donostia-San Sebastián. Wilson Saliwonczyk payadore argentinarra Euskal Herrian da egunotan eta joan den asteazkenean, irailaren 29an, emanaldia eskaini zuen Irisarrin (Nafarroa Beherea) Xabi eta Fredi Paya bertsolariekin batera.
Argentinara bueltan, Saliwonczyk Hegoameriketan zehar bertso-payada bira bati ekingo dio urriaren 20ean, Egoitz Zelaia Iparraldeko bertsolariarekin. Zelaia Argentinan bizi da egun eta euskara eta euskal kultura klaseak ematen ditu La Platako Unibertsitate Nazionalean. Payadorea eta bertsolaria, matea eta patxarana, indarrak batu eta Argentinan, Uruguaien eta Brasilen izango dira, bapatekotasunaren bi tradizio desberdin hauek (bi hizkuntza desberdin ere) batuz. Euskararik jakin ez eta bertso mundua ezagutu nahi dutenentzat aukera aparta izango da.
Emanaldi berriak antolatzeko aukera
"Duela gutxi hasi gara proposamenaren berri ematen", azaltzen dio Saliwonczyk-ek EuskalKultura.com-i, '"ta dagoeneko Uruguaien; Argentinako La Platan eta 9 de Julion; eta Brasileko Porto Alegren eta Sao Paulon emanaldiak egiteko aukerak azaldu zaizkigu. Bi inprobisatzaileak Argentinan bizi direnez eta birako emanaldiak 2011ko urtarrila arte luzatzeko aukera dagoenez, ikuskizuna zuzenean gozatu nahi duten Hegoameriketako euskal etxeei eurekin harremanetan jartzeko gonbitea egiten diete.
"Agenda ireki berria da", dio Saliwonczyk-ek, "eta gurekin harremanetan jarri nahi duenak contrapuntoar@yahoo.com.ar helbidera idatz dezake".
Payadak-saioak; kantu bitartezko senidetzeak
Zer eskainiko duen ikuskizunak? Hainbat euskal etxetan izan da jadanik antzeko emanaldirik, 2008 urtean Saliwonczyk-ek, Paya anaiek eta Maialen Lujanbiok eskaini zuten biran (Euskal Herriko Bertso Txapelketako garaile izan zen Lujanbio 2009an, 14.000 lagunen aurrean kantari). Bira hartan Montevideoko Zitarrosa antzokia, adibidez, jendez lepo bete zen.
[Bertsolariak eta payadoreak Zitarrosa aretoko ikusleen txalo zaparrada eskertzen (argazkia W.Saliwonczyk)]
"Egoitzekin egingo dugun biran honetan aurrekoaren irudiak proiektatuko ditugu. Esperientzia zoragarria izan zen, kantu bitartezko senidetzeak ziren emanaldiak, eta leku askotan jendeak zutik txalotu zigun", gogoratzen du Saliwonczyk-ek.
-Ikusi iazko emanaldi bat, Sao Pauloko bertso-payada: BertsoPlaza-tv