euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Massachusetts-era ibilaldia antolatu du New Yorkeko Eusko Etxeak Simon Berasaluzeren lanak ikusteko

2009/06/24

Iazko txangoan parte hartzaileak (argazkia JulianAbio)
Iazko txangoan parte hartzaileak (argazkia JulianAbio)

PUBLIZITATEA

Bigarren urtez New Yorkeko Eusko Etxeak txangoa antolatu du, Simon Berasaluzeren lana ikusteko. Iaz artista euskaldunaren beirateak ikusteko lehenengo txangoa egin zen New Jerseyra, bertako hainbat elizetara, eta aurtengoan pausoak Massachusetts-eraino helduko dira. Uztailaren 11ean izango da. Leominster hiriko Santa Zezilia eliza ikusi ahal izango da. Berriz ere, parte hartzaileek John Gomez izango dute gidari. Eusko Etxetik esan dutenez, kultur bira honetan parte hartu nahi dutenek, hobe dute lehen bait lehen Eusko Etxetik pasa eta izena ematea.

New York, AEB. Iaz Simon Berasaluze artistaren beirateak ikusteko txango bat antolatu zuen Eusko Etxeak. Emilia Doyaga euskaltzale newyortar ezagunak antolatuta, Newarkeko Artzapezpiku-Barrutiaren baimena lortu zuen New Jerseyko hainbat eliza bisitatu ahal izateko. Ibilaldi hura parte hartzaileen oso gustukoa izan zen eta 'horregatik errepikatu dugu'. Doyagak EuskalKultura.com-i azaldu bezala, 'Leominster hirira joango gara. Massachusettseko hiri txiki honetan Santa Zezilia eliza dago eta adituek diote Berasaluceren lan garrantzitsuenetako bat dela, ikusgarria'.

Doyagak dionez, 'gure asmoa egun bakarreko bidaia egitea da. Aurreko aldian bezala, goizeko 8etan irtengo gara Euskal Etxetik eta gauean, itzuleran, New Jerseyn afalduko dugu'. Bidaia John Gomez idazleak gidatuko du aurrekoan bezala. Uztailaren 11ean Massachusettsen gauzatuko da Berasaluceren beirateak ikusteko bigarren aukera. Antolatzaileek aurrez izena ematea eskatzen dute.

Simon Berasaluze Aginagalde Deban jaio zen 1912. urtean. Manuel, bere aita, kapitaina ezaguna izan zen eta besteak beste Margarita belauntziaren jabea izan zen. Txikitatik dohain bereziak erakutsi zituen marrazketarako eta horregatik 1926an, 14 urte zituela, Bartzelonako Arte Sakratuko eskolan ikasten hasi zen. Bertan lau urte egin eta ikasketak amaitu zituenean, erretratogile ona zen artista euskalduna.

1931an, Henri Mauméjean ezagutu zuen. Momentu hartan bera zen Europako beirategile enpresa garrantzitsuenaren jabea. Madrilen lana eskaini zion Berasaluceri eta honek onartu zuen. Horrela hasi zuen Simon Berasalucek beirategile ibilbidea.

AEBtan lan garrantzitsuak

Irakasle izan zuen Kruppel artista alemaniarra eta 1936. urtean Hendaian denbora bat lanean egin ostean, Parisera bidali zuen enpresak eta Frantziako hiriburuan 1952. urtera arte egon zen. Parisetik AEBtara joan zen Berasaluce Edward W. Hiemer & Company enpresak kontratatua. Ordurako beirategile arrakastatsuena zen Berasaluce eta bertan bizi izan zen 1974. urtera arte. Bere lanak New York, Boston, Filadelfia eta Clevelanden ikus daitezke besteak beste. AEBtan leku askotan aurki daitezke artista euskaldunaren lanak, uste da 1.000 beirate inguru egin zituela. Arazoa, artistak ez zuela bere lana sinatzen.

Euskal Herrira bueltatu zenean zenbait lan egin zituen oraindik. Orokorrean, eliza katoliko zein protestante edota sinagogetan egin zuen lan, baina badira ere bere beirateak eraikuntza zibiletan. Lan aipagarrienetako bat Princetong-eko St. Paul's Churcheko 120 beirateak dira. Simon Berasaluze Donostian hil zen, 1993an.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia