Bilbo, Bizkaia. Agurtu eta ikusi berria dugu Masami Murakami, joan den astean amaitu berria den Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VII. Mundu-Batzarrean. Masami, ordea, geratzen ez den pertsona horietakoa da, eta bere kemena, bere ekimenaren tamainakoa da. Tokioko Athletic-eko Peñaren fundatzailea izateaz gain, Tokioko Euskal Etxeak Batzarrera bidalitako hiru ordezkarietako bat izan da, Yuichi Shimanuki eta Sho Hagio-rekin batera. Hirurak japoniarrak, eta hirurak euskaltzale eta euskaradunak, maila handiago edo txikiagoan.
Masami Murakami protagonista duen artikulu bat sinatu du joan den igandean Eldesmarque.com-eko Bizkaiko atalean Unai Ezenarrok, eta linka hona ekartzea deliberatu dugu, gure irakurleetako batzuk gustura irakurriko zutelakoan, besterik gabe.