NABOko Biltzar Nagusiak Mary Gaztambide berrautatu zuen AEBetako euskal erakundeen federazioko lehendakari, elkarte honek joan den ostiralean Nevadako Winnemuccan eginiko saioan. Berarekin batera hautatu zituzten Pierro Etcharren, lehendakariorde, eta Grace Mainvil, diruzain. AEB osotik etorritako ordezkariek federazioan bi bazkide berri onartzea deliberatu zuten, hala nola Washington DCko Euskal Etxea eta Nevadako Paradise Valley-ko Santa Rosa delakoa. Bildutakoek NABOren lan arlo guztiei gainetiko begirada eskaini, txostenei balekoa eman eta Lau-Urteko Planaz deliberatu zuten, baita ere hilabete barru Bilbon egingo den Munduko Biltzarrera euren ordezkariek eramango dituzten proposamenez.