euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Quebecetik Urruñara, Adelaide Daraspek Diasporako euskal artisautza saltzen du Martxuka izeneko dendan

2013/12/31

Quebecen zazpi urte igaro ondoren Adelaide Daraspe urruñarra etxera itzuli da eta Martxuka artisau denda eta gozategia jarri du abian (argazkia JLafourcade)
Quebecen zazpi urte igaro ondoren Adelaide Daraspe urruñarra etxera itzuli da eta Martxuka artisau denda eta gozategia jarri du abian (argazkia JLafourcade)

PUBLIZITATEA

Pertsona alaia eta bizia da Adelaide Daraspe urruñarra, berbalapikoa, egiten duen edozertan poza eta kemena jartzen duten horietakoa. Quebec-en ikasi omen zuen jarrera baikor hori: "Kanadan oso irekiak dira. Goizean atera etxetik eta kalean, dendetan, denekin hitz egiten duzu", esan dio EuskalKultura.com-i. Zazpi urte eman zituen Montrealen, eta Quebeceko Euskaldunak elkarteko presidente lanetan ibili zen. Etxera bueltan, Martxuka izeneko denda ireki du Urruñan eta Diasporako eta Euskal Herriko artisauen lana ezagutzera ematea du helburu.

Urruña, Lapurdi. Hilabete baino ez darama irekita Martxuka artisautza denda eta gozategiak eta dagoeneko urruñarrentzako topagune bihurtu da. "Urruña herri txikia da, 8.000 lagun inguru bizi dira hemen, baina ematen du jendea lo egitera baino ez datorrela. Ez dago komertziorik. Nik mugimendua sortarazi nahi nuen herrian", azaldu du Adelaide Daraspek.

Espazio txikia da eta gune berean gozategi/kafetegia eta denda biltzen ditu. "Dendak Euskal Herriko eta Diaspora artisauak bultzatzea du helburu. Gure produktuak ekologikoak dira, 42 sortzailek ekoiztuak. Produktu bakoitzak fitxa bat du, horrela erosleak nondik datorren jakin ahal dezan", esan du Daraspek.

Montrealetik Berlinera

Euskal Herrikoak eta Diasporakoak, bai, dendak kasu berezi egiten dielako atzerrian euskaldunek egiten dituzte produktuei. Urtarrilean helduko dira Diasporako aurreneko produktuak: Berlinen euskaldun batek egiten dituen egurrezko piezak, New Yorkeko Izaskun Zabalaren goi mailako bitxigintza, Montrealeko Pantxika Saliouren beirateak, Pariseko Etxeberria argazkilariaren lanak... "Izaskun Zabala New Yorkeko Euskal Etxearen mendeurrenean ezagutu nuen eta bitxi zoragarriak egiten ditu; Pariseko Etxeberriak, aldiz, 35 minututan hartzen ditu argazkiak eta emaitza zinez berezia da", agertu du urruñarrak.

 

Daraspek gonbitea egiten die Diasporako artisauei, bere dendak eskaintzen duen erakuslehioa balia dezaten. Urtarrilaren erdialdera online denda irekiko du eta orduan munduko edozein txokotara helduko da Martxuka, Urruñako kabitik mundura. "Dendan produktuak saldu nahi dituzten artisauek contact@martxuka.com helbidera emaila bidal dezakete, edo gure Facebook orriaren bitartez mezua utzi", azaldu du Adelaidek.

Diasporaren berri zabaltzen Euskal Herrian

Urruñako kokalekutik Daraspek lan eskerga egiten du Diasporaren berri zabaltzen. Quebecen bizi eta ikasi zuenaren kontakizunak jakinmina piztu du inguruan. "Komunikabide asko etorri dira dendaren berri ematera eta nik beti kontatzen dut Quebec-en bizi izan naizela eta han badela euskaldun talde aktibo bat", gehitu du Adelaidek.

"Egunero aipatzen dut Diaspora, eta interes handia dagoela uste dut. Ikastolan entzuna dute ikasleek, eta orohar, nahiz eta asko duten ikasteko Diasporari buruz, interesa badago", esan du.

null

[Txokolatearen gainean margotzeko lantegia Martxukan (argazkia Martxuka)]

Quebecen dinamika polita

Quebecen zazpi urte eman zituen Daraspek. Berak bazuen hango euskaldunen berri hara joan aurretik, izan ere, Quebeceko euskal komunitateari buruzko ikerlana egiteko joan zen. "Quebecera joan aurretik euskara irakasle izan nintzen Bordeleko euskal etxean. Unibertsitatean ikasten ari nintzen eta irakasleak behar zituztela jakin nuen. Han izan nuen Diasporarekin lehen kontaktua. Eta gero ikerketa egitea erabaki nuen Quebecen".

Biziki gogoan du harrera ezinhobea izan zela. "Euskaldunak Euskal Etxean goxoki erantzun zidaten lehendabiziko egunetik. Pentsa, 21 urtekin hara galduta heldu, eta aireportura nire bila etorri ziren!".

Ikerketa egin ahala euskal elkarteko kideak ezagutu eta azkenean elkarteko kide bihurtu zen Adelaide. "Plazer handi bat izan da Diasporan buru-belarri sartuta lanean ibiltzea. Lehendabizi lehendakariorde izatea proposatu zidaten; gero, Jean Goienetche lehendakaria gaixorik izan zenean, bere kargua hartu nuen, beti ere bera ondoan nuela, laguntzen", gogoratu du.

Euskal Herrira bueltatu den arren elkartearekin harreman estua mantentzen du Daraspek eta pozik da han dinamika polita sortu delako. "Badira elkartean hamabost gazte desberdin inplikatu direnak eta gauzak egiten ari direnak. Kriston ideiak dituzte, Indianoak espedizioko traineruan arraun egiten dute, eta musika talde bat sortzekotan dira. Eta euskararen erabilera bultzatzen ari dira", amaitu du.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia